Urrestiren historia, pantaila handira
Karmele Urrestiren historia oinarri hartuta 'Karmele' filma grabatzen ari da Asier Altuna zuzendaria; Kirmen Uriberen 'Elkarrekin esnatzeko ordua' liburua abiapuntu hartuta.
Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren historia oinarri hartuta Kirmen Uribe ondarrutarrak Elkarrekin esnatzeko ordua liburua idatzi zuen. Zortzi hizkuntzatara itzuli eta sari mordoa pilatu ostean, pantaila handira eramango dute barnebiltzen duen Urrestiren historia, inspirazio bide bilakatu baita Asier Altuna zinemagilearen proiekturako: Karmele.
Lau urtez aritu da Altuna proiektuan buru belarri eta grabaketaren unea ailegatu da, gaur [apirilak 24] Mendexan ariko da grabatzen eta maiatzaren amaierara arte luzatuko da grabaketa fasea.
Jone Laspiur eta Eneko Sagardoy izango dira Karmele Urresti eta Txomin Letamendi gorpuztuko dituzten protagonistak. Altunak Urresti ondarrutarra ezagutzera emateko grina azaldu du: “‘Karmele’ askatasun ezaren aurreko pertseberantzia, borroka eta duintasun istorio bat da. Horrekin batera, kulturan, musikan eta artean barrena bidaia bat ere bada. Beti erakarri naute belaunaldi arteko elkarbizitza istorioak. Karmele ezagutzera eman nahi dut; gaztetatik muturreko egoerei aurrera egitera behartuta ikusi den emakumea, jarrera ausart eta konprometitu batetik bidea egin duena, bere ideietatik aldendu gabe”. Filma 2025ean estreinatzea aurreikusten da.