Lekeitioko Herri Udalekuen aurkezpen herritarra egingo dute bihar
Bihar [apirilak 25], 18:00etan, kultur etxean, egingo dute aurkezpena. Besteak beste, programazioa, metodologia eta antolakuntza nola izango den azalduko dituzte.
Lekeitioko Udala, Eskola Kirola, Herri Eskola eta Azkue Ikastola elkarlanean lanean aritu dira herriko umeentzako Herri Udalekuak antolatzeko. Udalak azaldu duenez, lehenengo aldiz antolatu dute horrelako ekimen bat, eta “ilusionatuta” daude: “Herriko umeak, herri mailan, elkarrekin modu hezitzailean eta aisialdiaz gozatzen ikustea ederra da”.
Hala, uda garaira begirako udalekuak izango dira, “ume eta gaztetxoenek kulturaz, naturaz eta jarduera desberdinekin gozatzeko”. Izen ematea jada zabalik dagoen arren, aurkezpen herritarra bihar [apirilak 25] egingo dute. Jakinarazi dutenez, bertan emango dituzte udalekuaren zehaztapen guztiak: “Bertan, proiektuaren helburuak, programazioa, metodologia, antolakuntza, izen ematea, ordainketak eta bestelako informazioa emango dugu”. 18:00etan kultur etxean ipini dute hitzordua.