Lekeitioko musikariek bat eginda ospatuko dute Musikaia Eguna
Barikuan [apirilak 26] 17:00etan hasiko dituzte ekintzak. Musikariak ez ezik, erraldoiak ere egongo dira. Domekan [apirilak 28], berriz, Kilin Kala abesbatzak eta Xemein abesbatzak kontzertua eskainiko dute, doan.
Hamar urte beteko dira apirilean Lekeitioko Musikaia Musika Eskolak bere ateak ireki zituenetik. Hamar urtean ikasle asko pasa dira bertatik; hainbat musikariren harrobia izan da. Ezin horrelako urteurren borobil bat ospatu gabe geratu, eta egun bakar bat izan beharrean, ikasturte guztira zabaldu dituzte ekimenak: kontzertuak, kalejirak, emanaldiak… denetariko ekintzak egin dituzte urte guztian.
Horietatik bat, ordea, bereziena izango da: barikuan [apirilak 26] ospatuko dute Musikaia Eguna. Urteroko formatu antzekoa izango duen arren, hainbat berezitasun ere izango ditu. Egunagaz hasteko, urtero bezala, kalejiran irtengo dira musika eskolatik, 17:00etan. Konpainia ezin hobeago batekin egingo dute kalejira. Aratuste Alai estudiantinako abestiak ikasi dituzte musika eskolako ikasleek, eta eurekin batera egingo dute plazarainoko bidea. Hori gutxi ez, eta erraldoiak ere eurekin batera joango dira.
Plazara heldu bezain pronto (eguraldi txarragaz, merkatu plazara), ekintzek ez dute etenik edukiko; denak bata bestearen atzetik izango dira. Herriko musika taldeen eta musika eskolako ikasleen elkarlanaren isla izango da eskainiko duten emanaldia: Aratuste Alai estudiantinako kideek, Itxaropena txistu taldekoek eta ikasleek bat eginda girotuko dute arratsaldea. Gainera, berritasunak ere egongo dira: “Lekeitioko erraldoiek ez dute dantzarik egiten, eta hau aitzakiatzat hartuz dantza egingo dute lehenengo aldiz”. Amaiera, berriz, Aittitta Makurra txarangako kideek emango diete, zelan ez, musika eskolako ikasleekin batera.
Emanaldiaren ostean merendola bat egingo dute emanaldian parte hartuko duten 200 herritar inguruk, indarrak hartu eta egunagaz jarraitzeko. Merendolaren ostean Trakamatraka ikuskizuna egongo da: “Jon Urrutiaren proiektua da. Gizarteak baztertzen dituen materialak hartu, birziklatu eta instrumentuak sortzen ditu. Ikuskizun guztia material birziklatuz egindako musika tresnekin egiten du. Horrekin emango diogu amaiera Musikaia Egunari”.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Musikaia Egunarekin urte guzti horietan euren ondoan egon direnekin elkartuta ospatu nahi izan duten eguna: “Helburua izan da urte guzti hauetan gure ondoan egon diren musika taldeekin batera ospatzea musika eskolaren urtebetetzea. Erraldoiekin, adibidez, ez dugu inoiz ezer egin, baina azken urteetan konpartsa bat sortzeko gogoa egon da, eta eurei ere aukera bat eman nahi izan diegu. Gainera, umeei erraldoiak asko gustatzen zaizkie, eta iruditzen zitzaigun oso ondo egon zitekeela eurekin ere zerbait egitea”.
Domekan, kontzertua. Urteurreneko ekintzak gutxi ez, eta domekan [apirilak 28] kontzertua eskainiko dute Lekeitioko Kilin Kala Abesbatzak eta Markina-Xemeingo Xemein Abesbatzak. Elkartruke modura, iaz lekeitiarrak joan ziren Markina-Xemeinera, eta aurtengoan eurak joango dira Lekeitiora. Hori horrela, 13:00etan Andra Mariaren Zeruratzea basilikan estilo desberdinetako abestiak entzuteko aukera egongo da, doan. Oihana Etxabe mutrikuarraren gidaritzapean Kilin Kalak emango dio hasiera kontzertuari, eta ostean Xabi Mendez bilbotarrak hartuko du batuta, Xemein Abesbatza gidatzeko. Eurekin batera, gainera, bi piano jole egongo dira: Iker Azurmendi egongo da lekeitiarrekin, eta Aintzane Basterretxea, berriz, markina-xemeindarrekin.