Adinekoentzako plazak finantzatzeko 23,6 milioi euro bideratu ditu Aldundiak
Mendekotasun egoeran dauden adinekoei zuzendutako 582 plaza; tartean, Ondarroako egoitzan esleitu dira.
Bizkaiko Foru Aldundiak 23,6 milioi euro baino gehiago bideratu ditu aurten mendekotasun egoeran dauden adinekoentzako plazak finantzatzeko. 582 plaza hitzartu izan dira 15 egoitzatan banatuta, tartean, Ondarroakoa.
EUDELekin mendekotasun egoeran dauden adinekoei arreta emateko sinatutako lankidetza hitzarmenaren bidez hitzartu ziren plazak. “Foru Aldundiak udalen titulartasuneko egoitza horietako plazak ordaintzeko konpromisoa bete du”.
Hitzarmenaren helburua udalek eta mankomunitateek erabiltzaileei “arretarik onena” eta “kalitatezko zerbitzuak” eskaintzeko duten lehentasunari erantzutea izan dela zehaztu dute Aldunditik. “Gainera, toki erakundeekin egindako hitzarmenei esker, II. edo III. mendekotasun gradu aitortua duten pertsonek, hala nahi badute, udal titulartasuneko egoitza-zentroetan jarraitu ahal izango dute, Aldundiak finantzatuta, eta, hala, arretaren jarraitutasuna bermatuko da, bai eta pertsonen aukeratzeko askatasuna ere, mendekotasun egoeran daudenean, arreta jasotzeko baliatu nahi duten zentroa aukeratzeko”. Ondarroakoarekin batera, Arratia, Basauri, Dima, Getxo, Orozko, Otxandio, Santurtzi, Urduña, Zalla, Zeberio eta Sestaoko udalekin sinatu dituzte hitzarmenak.