Ane Labakak irabazi du Peru Abarka album lehiaketa, 'Murmur' lanagaz
Hamalu lan aurkeztu dira, eta epaimahaiak "aho batez" aukeratu du Ane Labaka Mayozen lana. Ilustrazioak aurkezteko epea zabalik egongo da ekainaren 21era arte.
“Esaten ez direnek, esaten direnek bezainbesteko garrantzia dute”. Horixe da Peru Abarka album lehiaketako epaimahaikideek nabarmendu nahi izan dutena. Hamalau izan dira aurten jaso dituzten lanak, baina, bat hasiera-hasieratik izan dute mahai gainean: “Aurten jaso ditugun lanak agian ez dira horrenbeste izan, baina, kalitate dezentekoak izan dira. Saritua, hala ere, adostasun ikaragarriarekin erabaki genuen. Aho batez eta erabat konbentzituta aukeratu dugu lana”.
Aurtengo epaimahaikideak izan dira Leire Bilbao Barruetabeña idazlea, Ainhoa Aldazabal literatur kritikari eta aditua eta Mari Eli Ituarte Markina-Xemeingo Udaleko Euskara eta Kultura zinegotzia. Ituarte, udalaren ordezkaria ez ezik, lehiaketaren sortzailea ere bada: “Duela 20 urte inguru Igor Idoeta bibliotekako arduraduna eta ni neu elkartu ginen lehiaketa sortzeko”.
Ane Labaka Mayozen Murmur lana izan da epaimahaikideek aho batez aukeratu dutena. Estiloa eta gaia libreak izan dira, eta Labakak poesia ere sartu du bere lanean: “Narrazioa den arren, istorio poetikoa da. Euskara zoragarria erabili du. Hizkuntza oso poetikoa ere erabili du, elementu bereizgarriz beteta”. Epaimahaiak adierazi du istorioa, aldi berean, oso gordina eta oso gogorra ere bada, “gertaera erreal batean oinarritutakoa”.
Hori horrela, ama eta alaba baten arteko balizko elkarrizketa, edo “hobe esanda, bakarrizketa”, da kontatzen duena: “Memoriak gordetako hainbat kontu atera nahi izan ditu urpetik”. Albiste bat da abiapuntua, “eztanda” eginarazten diona narrazioari: “Albiste hori egoera gogor baten gertaera da. Hortik abiatuta, Labaka gai horretan murgiltzen da, zentzu guztietan gainera”. Gai nagusia prentsan atera den hori den arren, beste azpigai asko atera ditu gainazalera idazleak: “Euren artean, emakumeen papera aldarrikatzearen aldekoa ere bai. Uste dugu modu oso sutilean aldarrikatzen duela. Nahiz eta emakumeok ere parte hartu dugun prentsan agertu den albiste horretan, gure presentzia ez da aldarrikatzen eta ez da agertzen”.
Elementu guztiak elkartu, eta “hizkuntza zoragarri eta eder batean kontatuta” idatzi du narrazioa Labakak: “Irudi asko erabilita. Eta esaten ez diren horiek, isiltasun horiek, hizkuntza hain modu zoragarrian erabiltzearen ondorioz presentzia ikaragarria dute”. Labakaren lana Markina-Xemeingo Udalaren web orrian irakurri daiteke.
Ilustrazio lehiaketa, martxan. Behin narrazio lanik onena aukeratuta, ilustrazio lehiaketa jarri du martxan udalak. Lehiaketan parte hartzeko oinarriak eta informazio guztia udalaren web orrian jarri dute eskuragarri; parte hartu nahi dutenek ekainaren 21era arteko epea dute. Irabazleak irailaren 1erako aurkeztu beharko du behin betiko lana; urriaren 24an, Liburutegien Egunean, egingo dute album ilustratuaren aurkezpena.