Bueltan da Amorotoko Udabirra Fest
Pandemiatik ospatu gabe egon ostean, zapatuan [apirilak 27] egun osoko jaia egingo dute. Toki eta mota guztietako zerbezak egongo dira dastatzeko, baita bertoko zerbeza artisaua ere. Arratsaldean Pala Txapelketako finalak eta partida berezi bat egongo dira.
Pandemiaren eraginez eten zuten ekintzetako bati heldu diete berriro ere amorotarrek. Mota eta toki guztietako zerbezak dastatzeko aukera egongo da zapatuan [apirilak 27] frontoian. Udabirra Fest jaia antolatu dute berriro ere, eta pandemia aurretik zuen moduko harrera izatea espero dute antolatzaileek.
Horretarako, aurreko urteetan egiten zuten moduari heldu diete: zerbeza tailerra egin dute. Dozena bat lagun inguruk eman zuten izena tailerrean, eta zerbeza artisaua egin dute; dastatzeko moduan egongo da zapaturako. Horrez gain, edanarekin batera jana ere ez da faltako: “Txosna bat jarriko dugu frontoian, eta bertan garagardoa eta txerri pintxoak egongo dira, 12:30etik aurrera”.
Era berean, janaz eta edanagaz batera, Geuretik Sortuak ekimeneko Hona Bostekoa komikiaren aurkezpena egin eta erakusketa zabalduko dute: “Barikuan egitea pentsatu genuen hasieran, baina eguna aprobetxatuz uste dugu jende gehiago egongo dela zapatuan [apirilak 27]. Horregatik, frontoiko izkina bat itxi, eta bertan egingo dugu”. Horrez gain, aste guztian kultur etxean egongo da ikusgai erakusketa: “Bertan ordua eskatu eta erakusketa zabalduko dugu. Asteko egun batean eskolako umeak ere joango dira erakusketa ikustera”.
Frontoitik mugitu barik, 16:00etan Amorotoko Pala Txapelketako finalak ikusi ahalko dituzte Udabirra Festera joaten direnek. Lehenengo, bigarren mailako finala jokatuko du Barru-Argoitz bikoteak Ibonen eta Josuren aurka. Jarraian, 17:30 inguruan, lehenengo mailako finala jokatuko dute: Jonpuk eta Epermendik aurrez aurre izango dituzte Ikedi II.a eta Liher. Txapeldunak erabaki ostean, pala partida berezia ere egongo da: Imanol Agirre eta Txiloi ariko dira Mikel Goñi eta Asier del Hornoren aurka.
Egunagaz ezin hobeto amaitzeko, musika izango da protagonista. Zornotzako Kittu musika taldea izango da horren arduraduna: “Bertoko betiko abestiak joko dituzte, erromeri itxuragaz. Oholtza barik aritzen dira, jendearekin integratuz”. Eguneko jaiari eman nahi izan diete garrantzia antolatzaileek, eta horregatik Kittuk amaitu bezain pronto frontoia itxi egingo dute.
Jende ugari. Pandemia garaitik Udabirra Fest antolatu ez duten arren, “jende mordoa” etortzea espero dute aurtengoan ere: “Jendea ibiltzen da normalean. Pala txapelketako finalak jendea erakartzen du, eta baita pala partida bereziak ere. Horrez gain, pintxoetako txerria Lekeitioko baserri batekoa da, eta hangoan ere etortzea espero dugu. Azkenean, jana eta edana baldin badago, jendea gustura etortzen da”.