Dantzariek hartuko dute Ondarroa
Ia berrehun dantzari bilduko dira zapatuan [apirilak 27] Ondarroako Barra eta Dantza Kalean ekimenaren baitan.
Dantza kalera ateratzea Ondarroako urteko hitzordu finko bilakatu da Dantzarte Elkartearen ekimenez, eta aurten ere ez da gutxiagorako izango; zapatuan [apirilak 27] XVI. Ondarroako Barra eta Dantza kalean emanaldiez gozatzeko aukera egongo da.
11:30etan emango diote hasiera Ondarroako Barrari eta eskualdeko dantzariek osatuko dute ekitaldia, zehazki, Ondarroako, Markina-Xemeingo, Berriatuako eta Lekeitioko 57 dantzari batuko dira eta hiru barra osatuko dituzte; txikien barra, barra ertaina eta barra handia. Ohi legez, Plaiko Zubiaren ondoan egingo dira dantzaldiak eta 13:00ak bitartean egongo dira.
Ostean, hip-hop, dantza klasikoa, dantza garaikidea eta funkya erdigunean jarriko dira. Dantza Kalean dantzaldiarekin jarraituko dute 13:15ean. Ikuskizuna ez da faltako, 135 dantzarik hartuko baitute Alameda.
- 11:30-12:00. Barra Txikia.
- 12:00-12:30. Barra Ertaina.
- 12:30-13:00. Barra Handia.
- 13:15. Dantza Kalean, Alamedan.