Denen indarrak batuta, tenk
Hogei urteren ostean, Mutriku Sokatira Taldeak emakumezkoen taldea du. Gogoa eta konpromisoa oinarri duen hemeretzi tiralarik osatutako taldea osatu dute; sokari heltzeko prest daude.
Nahi batetik abiatuta hasi ohi dira proiektu guztiak. Nahiari, lana, gogoa eta erantzuna gehitu behar zaizkio, eta elementu guztiek bat egitean, emaitza borobilak ateratzen dira. Hori da, proiektuaren formula.
Mutriku Sokatira Taldearen nahia zen emakumeak taldera hurbiltzea eta kalera atera ziren, herritarrei herri kirolak eskura jarri eta herriko emakumeen erantzuna ikusita, kuriositateari eutsi nahi izan ziotela aitortzen du Marije Ituarte entrenatzaileak. “Goierri sokatira taldeak nesken taldea atera zuela ikusita, barrenak mugitu ziren taldean, neskak taldera hurbiltzeko nahia zegoen, eta ahalegina egitea erabaki zen. Malenetan kuriositatea sortu zela ikusita, segituan mugitu ginen”.
Ate irekietan jardunaldia antolatu zuten, jende gutxi hurbilduko zen esperantzaz. “Ahoz ahokoarekin bi edo hiru lagun hurbilduko zirela uste genuen, baina bi edo hiru emakume izanda ere, hori gehiago izango zen taldean, talde mistoak sortzeko aukera egongo zen”. Denen ezuste eta poztasunerako, baina, hamaika lagun agertu ziren; batzuk kuriositatez, besteak informazio eske. Ahoz ahokoaren poderioz, eta taldearen lanaz, emakumeak hurbilduz joan dira eta gaur gaurkoz, hemeretzi laguneko emakumezkoen taldea osatu du Mutriku Sokatira Taldeak.
Hogei urte geroago, emakumezkoen taldea dago Mutriku Sokatira Taldean. Gogoa, konpromiso eta kohesioa ezaugarri bereizgarri ditu taldeak, eta berezitasun bezala ia denak lehenengo aldiz hartu dute soka esku artean. “Taldea guztiz berria dela esan daiteke, Urresti ezik, gainontzekoentzat mundu berri bat zen, baina taldean dagoen konpromiso maila izugarria da”. Sokari heltzeko prest agertu ziren, baina ez soilik hori, herri kirolen munduari ere ateak ireki dizkiote eta erakustaldiak egin dituzte zenbait herritan.
Talde kohesioa. Adin tarte zabaleko taldea da, 20 urtetik 40ra arteko emakumeek osatzen dute taldea eta gehienak inguruko herrietakoak dira: mutrikuarrez gain, ondarrutarrak eta markina-xemeindarrak daude, eta eibartar bat ere badago. Talde konpromisoa, talde kohesioari estu lotuta joan ohi da, eta horrela da hemen ere. Talde bat osatu dute, eta hori giroan nabari da, egunerokotasunean motibazio iturri bilakatzen baita oinarri sendoak dituen talde baten indarra. “Giro oso ona dago taldean eta hori oso garrantzitsua da, oinarria da”.
Astean lau entrenamendu izaten dituzte, entrenamendu fisikoak eta soka uztartzen dituzte, Saturrarango lokalean eta kiroldegian egiten dituztenak. Horrez gain, gizonezkoen taldearekin entrenatzen dute batzuetan, eta bereziki onuragarria da teknika ikasteko. “Taldeak uztartzea gakoa da, sokatiran teknika oinarria da eta taldea guztiz berria izatearen zailtasunetako bat hori da, baina gizonezkoen taldearen babes osoa dugu”. Gogoa, indarra eta entrenamenduak soinean izanik, lehiara begira jartzea tokatzen zaie. Maiatzaren 1ean abiatuko da talde mistoa osatuz lehiatuko duten txapelketa eta lehenengo urtea izanik, urduritasuna eta probatzeko gogoak bizi-bizi dituzte : “Lehenengo urtea izanda, kuriositate puntu bat dute guztiek, baina gogotsu daude”.
Taldeko kideen artean denetariko sentipenak dira nagusi: “Urduritasuna, kuriositatea, talde bezala probatzea eta gogoa”. Urresti da Mutriku Sokatira Taldeko gizonezkoen taldearekin lehian aritu izan dena, eta berarentzat ‘bereziki berezia’ da Mutrikuren izenean emakumezkoen taldearekin lehiatzeko aukera izatea.
Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketan murgiltzeko zein modu hobeagorik, etxean egitea baino. Eguaztenean [maiatzak 1] txapelketari ekingo diote talde nahasiekin, Mutrikun (Galdona). Ekainean, emakumezkoen txapelketari helduko diote, eta udan, Munduko Txapelketan ipiniko dute begirada. Behin sokari helduta, tenk egiteko gogoak ez baitira faltako.