Lekeitiarrek Gurot lehiaketako finala jokatuko dute bihar Bilbon
Lekeitioko hiru gaztetxo sailkatu dira Gurot lehiaketako finala jokatzeko. Bihar [apirilak 26] San Mamesen jokatuko dute finala.
Euskal galderen unibertsoaren aplikazioa, horixe da Gurot. Edozeinek jolastu dezakeen arren, 12 eta 18 urte bitarteko gazteek galderak ondo erantzunez gero hiru sari irabazteko aukera dute. Aurtengo lehiaketa amaierara helduko da barikuan, finala jokatuko baitute San Mamesen.
Hiru lagunez osatutako taldeak aurkeztu daitezke lehiaketara, eta herri bakoitzeko talde bat sailkatu da finala jokatzeko. Gernika-Lumo, Abanto-Zierbena, Durangaldea, Erandio, Enkarterri, Getxo, Sestao, Amorebieta-Etxano, Mungia, Lekeitio eta Txorierriko gaztetxoak egongo dira Bilbon. Lekeitioko Unax, Martin eta Aiur izango dira finala jokatuko dutenak.
Lekeitioko Udalak, hirukotea zoriontzeaz gain, sari bana ere eman die finalistei: bi lagunekin Leaktibairen erabiltzeko abentura bonoa jaso dute udalaren eskutik. Horrez gain, hiru asteburu pasa banatuko dituzte Gurot lehiaketako antolatzaileek lehenengo hiru irabazleen artean. Onenek Warnerrerako bidaia lortuko dute, bigarrenak Irri Sarri Land-era joango dira, eta hirugarrenek, berriz, Miarritzeko akuariora joateko bidaia lortuko dute.