Markina-Xemeingo Gazte Eguna, Akerbeltz Gaztetxearen sorrera gogoratuz
Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak Gazte Eguna ospatuko du zapatuan [apirilak 27]. Goizean, Akerbeltzen sorrera izango dute hizketagai. Ostean, 70 gazte elkartuko dira Plazabarripean, bazkaltzeko. Gauean kontzertuak egongo dira.
Hitzordu garrantzitsua bihurtu da markina-xemeindarrentzat gazte asanbladak antolatzen duen gazte eguna. Aurtengoan zapatuan [apirilak 27] elkartuko dira, era batera edo bestera, Akerbeltz Gaztetxearen parte diren herritar denak.
Eguerdia jo orduko hasiko dute eguna gazteek. 12:30ean elkartuko dira Akerbeltz Gaztetxean, eta hain zuzen ere, gaztetxearen sorrerari buruz ariko dira. Nundik dator Akerbeltz? mahaingurua egingo dute: “Gaztetxeko lau militante ohi etorriko dira. Gaztetxe moduan erabiltzeko kultur aretoan okupatu zen duela 20 urte inguru, eta horren inguruan ariko gara lehenengo: okupazioa zelan eman zen, prozesua zelakoa izan zen, egun hori nola joan zen, ostean zer gertatu zen…”. Izan ere, kultur aretoa kendu, eta gaur egungo espazioa eman zieten gaztetxe moduan erabiltzeko: “Hizlari denak ez ziren egon okupazio horretan, baina batzuk bai. Besteek gehiago bizi izan zuten kultur aretotik gaur egungo espaziorako aldaketa”.
20 urte baino gehiagoko ibilbideari errepasoa eman ostean, bazkaritarako elkartuko dira. Guztira 70 lagun inguruk erosi dituzte tiketak; 14:30ean elkartuko dira Plazabarripean. Bazkalostean, berriz, karaokea egingo dute.
Aspertzeko astirik barik, 19:00etan karro poteoari hasiera emango diete, eta taldekako jolasak egingo dituzte. Egunagaz amaitzeko berriz, 22:30ean musikaz beteko da Akerbeltz, Gora Etorri, Zutik erromeria eta DJ Matriren doinuekin.