"Tropelaren maila izugarri hazi da; mailagaz batera, abiadura"
Denboraldiaren lehen zatiko lasterketa egutegian bete-betean sartuta dago ziklista markina-xemeindarra. Bihar [apirilak 26] Asturiasko Itzuliari ekingo dio, sailkapen orokorrean aurrean ibiltzeko eta etapen lehian aritzeko asmoz.
Ez da denboraldi hasiera erraza izan Txomin Juaristi Arrieta Euskaltel-Euskadi etxeko txirrindulari markina-xemeindarrarentzat. Edozelan ere, kalitatezko ihesaldietan protagonista izan da hala Miguel Indurain Sari Nagusian, nola Fleche Wallonne lasterketetan; azken horretan, gainera, debuta egin du aurten. Bihartik [apirilak 26] domekara [apirilak 28] bitartean, Asturiasko Itzulian parte hartuko du, helburu anbiziotsu eta goi mailakoekin.
Denboraldia bete-betean murgilduta dago, eta urteko hitzordu handietako zenbait iritsi dira jadanik. Zein irakurketa egiten duzu orain artekoaz?
Balorazioa, oso distiratsua izan ez arren, ez da txarra. Berez, ez da gura nukeen bezainbesteko hasiera ona izan. Urtea lasai antzean hasi nuen, Mallorcako Txallengean. Ondoren, Valentzian, uste baino makurrago ibili nintzen. Jarraian, Miguel Indurain Sari Nagusia lehiatu nuen Lizarran, eta bertan aldea hobeto aritu nintzen. Eguneko ihesaldia harrapatu nuen, eta Euskal Herriko Itzulirako prestakuntza ederra izan zen hura. Edozelan ere, Itzuliaren azken bi etapetan alergiek gogor jipoitu ninduten, eta ez nintzen nahi bezala ibili. Etxeko itzuliaren ondoren, taldeak Ardenetako Hirukoteko proba batean parte hartu zuen, Fleche Wallonnen, eta han ere zorte txarra pairatu nuen: eguneko ihesaldia harrapatu ostean, hipotermia sintomek gogor jo, eta ezin izan nuen proba amaitu.
Oraindik denboraldiaren lehen zatia aho zapore gozoagaz bukatzeko aukera duzu, ezta?
Bai. Asturiasko Itzulia, Frantziako Kopako egun bakarreko proba bi (Finisterreko Itzulia eta Boucles de l’Aulne) eta Esloveniako Itzulia falta zaizkit.
“Asturiasko Itzulirako dudan helburua azken sailkapeneko lehen hamarren lehian ibiltzea da”
Lasterketok eta, batez ere, Asturiasko Itzulia ondo egokitzen zaizula esan daiteke, gainera.
Ibilbide aldetik, behintzat, bai. Asturiasko helburua azken sailkapeneko lehen hamarren lehian ibiltzea da; Esloveniakoa, lehen hamabost edo hogei sailkatuen artean egotea. Frantziako bi probetan ere, ibilbide urduri eta gorabeheratsuekin, ondo ibil naitekeela uste dut.
Gaur-gaurkoz, zeintzuk izan dira aurtengo unerik onena eta txarrena bizikleta gainean?
Txarrena udaberrian Frantzian lehiatutako klasikoetakoa, zalantza barik: gorputzaldi ona zukutu ezinik ibili nintzen, alergiak jota; inpotentziaz bizi izan nuen. Unerik onenak Valentziako Itzuliko laugarren etapa edo Euskal Herriko Itzuliko lehenengoa, erlojupeko saioa, izan ziren.
Lizarrako eta Valonia aldeko ihesaldiek ez zuten elkarren antz handiegirik eduki, ezta?
Ez. Fleche Wallonnen eguraldi onagaz eta sentsazio positiboekin ekin genion ihesari, baina, behin aroa petralduta, arazoak eduki nituen autotik arropa sasoiz hartzeko; behin hotza gorputz barrura sartuta, beranduegi zen. Lizarran indartsu igarri nuen nire burua, baina alderik politena eskarmentuarena izan zen: ihesean eroso ibili nintzen, egoera bakoitza kudeatzen jakinez, urteek eman ohi duten odol hotzagaz, heldutasun fisikoagaz eta denetariko egoerak irakurtzen asmatzeko trebetasunagaz.
Oro har, euripean eta baldintza hotzetan ederto moldatu izan zara egun arte.
Halaxe da. Galiziako O Gran Camiño lasterketan, esaterako, muturreko baldintzak eduki genituen, eta ez nintzen hankamotz geratu. Dena dela, horrek ez du sufrikarioa alboratzen.
“Egoera nahiko txarrean gaude, UCI puntuei dagokienez”
Taldeak denboraldiaren lehen zatirako ezarririko helburuak bete al dituzue momentuz?
Ez. Egoera nahiko txarrean gaude, UCI puntuei dagokienez. Urtearen sasoi honetarako, kopuru jakin batzuk lortzea planteatu genuen denboraldiaurrean eta, gaur-gaurkoz, ez ditugu lortu. Orain, elkar babestea dagokigu, eta geure buruengan sinistea. Oraindik puntuazioaren auzia iraultzeko sobera asti daukagu.
UCI puntuen presiopean bizi al da, egun, Euskaltel-Euskadi?
Bigarren mailako taldea izanik, horren pentsuan ibili behar gara etengabe. Nik neuk ez diet jaramonik egiten lasterketak lehiatzen nabilenean, baina euren esangura ukaezina da guretzat.
“Puntuen araberako politikari buelta bat eman behar zaio; ez da oso bidezkoa”
Tankerako taldeentzat, onuragarria barik, buruhaustea dirudi puntukako sailkapen horrek.
World Tour mailako taldeek eroaten dituzte puntu ia denak. Gainera, adibidez, World Tour mailako proba bateko etapa batean zortzigarren helmugaratuz gero, ez da punturik jasotzen: hori ez da justua. Puntuen araberako politikari buelta bat eman behar zaio; ez da oso bidezkoa.
Badira txirrindularitza munduan bolo-bolo dabiltzan termino bi: arriskua eta abiadura. Zelan bizi duzu tropelaren barrualdetik elementu bi horien arteko sokatira hori?
Azken urteotan, tropelaren maila izugarri hazi da; mailagaz batera, abiadura. Lehen, denboraldi hasiera prestaketa sasoitzat hartzen zen, baina honezkero hori ez da horrela. Urtez urte pentsatu ohi dut errepidean bizkorrago joaterik ez dagoela, eta urtez urte ikusten dut tropela geroz eta bizkorrago doala.
Eta bizkorrago ibiltze horrek lurrera bizkorrago erortzea ere badakar beregain.
Hori da. Zuzendariek ere badute zeresanik: guztiek eskatzen diete euren ziklistei gune arriskutsuetan postu onean egoteko; errepidean, baina, ez dira 170 ziklista era berean sartzen. Bide horretatik gertatu ohi dira erorikoak, batez ere, azken denboraldiotan.
“Euskal Herriko Itzuliko istripua bertatik bertara ikusi nuen, aurre-aurrean ez banintzen ere”
Kasurako, aurtengo Euskal Herriko Itzulian ikusitakoa.
Adibidez. Nik neuk istripua bertatik bertara ikusi nuen, aurre-aurrean ez banintzen ere. Pello Bilbao une batez alboan edukita, postu nahikoa onean nengoela ulertu nuen, justuki erorikoa gertatu zenean. Lasterketa neutralizatu zutenean, hark ahaztuko ez dudan zerbait esan zuen: “Egun, oso aurrean joatea, ustezko gunerik seguruenean, ez da babes bermea; sarri, onena da atzerago joatea hobestea, taktikoki arriskatuagoa izanda ere”.
Denboraldiaren bigarren zatirako, taldearen jomuga nagusia Espainiako Vuelta behar luke izan, ezta?
Bai. Taldeak gonbidapenetako bat jaso du eta, hortaz, maila eman beharko da, bertan egoteko bestekoa eduki badugula frogatzeko. Neure kasuan, lehenik eta behin, han egoteko postua errepidean irabazi beharko dut. Urteko helburu potoloena Vuelta da, gure taldearentzako erakusleihorik esanguratsuena; taldekide ugarik zortzikoan sartzeko moduko maila dute, gogor lan egin beharko dut.
“Urteko helburu potoloena Espainiako Vuelta da, gure taldearentzako erakusleihorik esanguratsuena”
Zortziko horretan tokia izateko bezainbesteko merezimenduak, behintzat, bistaratu izan dituzu gurpil biren gainean.
Baiezkoan nago. Edozelan ere, ez da batere erraza: maila orokorra oso handia da.
Vueltan egoteak baldintzatuko al du bigarren zatiaren lasterketen bide orria?
Bai. Gaur-gaurkoz, uda sasoiari begira, Espainiako Txapelketa besterik ez dut ziurtatuta, bai erlojupekoa, bai errepidekoa. Vuelta lehiatzekotan, adibidez, aukeretako bat normalean lehiatu ohi den lasterketa segida egitea litzateke: Donostiako Klasikoa, Getxoko Zirkuitua eta Burgosko Itzulia. Hori denborak argituko du; goizegi da esateko.
Lasterketa bat. Euskal Herriko Itzulia.
Mendate bat. Karakate.
Txirrindulari bat. Bradley Wiggins.
Anoa postuko jakirik gustukoena. Txokolatezko zerealekin egindako pasteltxoak.
Mendiko saria ala tarteko helmugena. Mendikoa.
Taldekide bat. Gotzon Martin.
Erreferente bat. Pello Bilbao.