200 lagunetik gora elkartu dira Lekeition Osakidetzari hainbat zerbitzu eskatzeko
SOS haur eta emakumeak Lekeitioko talde herritarrak elkarretaratzea egin zuen atzo [apirilak 25] pediatria, ginekologia, obstetrizia eta larrialdietako zerbitzuak aldarrikatzeko.
Borroka luzea daramate Lekeitioko eta inguruko herrietako bizilagunek Osakidetzagaz. Hainbat izan dira azken aldian egin dituzte elkarretaratzeak; tartean, 1.300 sinaduratik gora ere batu dituzte pediatria, ginekologia, obstetrizia eta larrialdietako zerbitzuak aldarrikatzeko.
Atzo [apirilak 25] ere hainbat aldarrikapen zehatz egiteko SOS haur eta emakumeak taldeak deia egin zieten herriko eta inguruko biztanleei, eta 200 lagunetik gora elkartu ziren eskolapean: “Elkarretaratze honekin ikusarazi eta aldarrikatu nahi dugu pediatria, ginekologia, obstetrizia eta larrialdietako zerbitzuak ezinbestekoak direla Lekeition”.
Lekeitioko Osasun Zentroak, herritarrez gain, Amorotoko, Gizaburuagako, Aulestiko, Mendexako, Ispasterko eta Eako herritarrei zerbitzua ematen die. Hori horrela, pediatria zerbitzurik gabe geratzeko puntuan daude bertoko haurrak eta ez dute aurreikusten inor etorriko denik. Izan ere, duela gutxi pediatriako plazak banatu ziren, eta inork ez zuen Lekeitiokoa aukeratu “baldintzak eskasak direlako”: “Lekeitioko pediatrak 1.021 paziente ditu Osasun Txartel Indibirualarekin (OTI). Kopuru horri OTI gabeko pazienteak gehitu behar zaizkio, eta baita opor sasoiko desplazatuentzako zerbitzua ere”.
2023an Osasun Sailak 269 milioi euro inbertitu zituen osasun pribaturako bideratzeak ordaintzeko, aurreko urtean baino %9 gehiago
Azaldu dutenez, oraingo pediatra oporretan egon denean familia medikua egon den arren, pediatra baten lana egitekotan urteetako esperientzia duela ziurtatzea nahiko lukete. Horrez gain, ez dakite noiz arte daukan kontratua, eta ezta astean zenbatetan joango den ere.
Bestalde, salatu nahi izan zuten emaginak baja edo oporrak hartu izan dituenean ez dela ordezkorik egon: “Hori dela eta, momentu honetan Lekeitioko eta inguruko herrietako emakumeok zerbitzurik barik gelditzen gara, eta kanpora mugitu behar gara”.
Era berean, pandemia garaitik ginekologia zerbitzua guztiz galdu zuten: “2013an ginekologia zerbitzu barik gelditu zen. Potxuak taldeari eta udalari esker akordio bat lortu zen hamabostetik behin ginekologo zerbitzua egoteko Lekeition. Hala ere, pandemiaz geroztik zerbitzu hori galdu egin da”.
Pribatizazio prozesua. Etengabeko Arreta Guneko (EAG) zerbitzua ere salatu nahi izan dute. “Gabon garaiko egunen batean, zein beste noizbait ere bai, EAGn erizainak bakarrik egon izan dira. Hortaz, ezer larririk gertatzekotan, medikurik ez dagoela dakar horrek”. Azaldu dutenez, kontuan izan behar da ez dagoela anbulantzia medikalizaturik eta helikopteroa egunez baino ez dela etortzen: “Gainera, helikopteroa mobilizatzeko beste hainbat baldintza ere bete behar dira”. Erizainek artatu ezineko larrialdia izango balitz, Gernikako ZIU mobila edo Elgoibarrekoa joango lirateke herrira, “baina begi bistakoa da denek ala denek asko tardatzen dutela, eta guk ospitaleak oso urrun ditugula”.
Amaitzeko, Osakidetza pribatizazio prozesu batetik pasatzen ari dela salatu zuten. Azaldu zutenez, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko osasun inbertsioaren bataz bestekoa BPGren %5,6koa da: “Espainiako bataz bestekoa %6koa da eta Europakoa %8koa”. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak pazienteak klinika pribatuetara bideratzearen aldeko apustua egiten jarraitzen duela salatu zuten: “2023an Osasun Sailak 269 milioi euro inbertitu zituen osasun pribaturako bideratzeak ordaintzeko, aurreko urtean baino %9 gehiago“.