Erika Mugartegi eta Aritz Erkiaga, gaur egungo izar nagusiak
Barikuan [apirilak 26] Gasteizko Masterrean nagusitu ziren. Bilboko Iron Cup txapelketan, berriz, ez da Lea-Artibai eta Mutrikuko beste ordezkaririk sailkatu Pro-Am txapelketatik.
Joan den astean bi izen propio izan ditu: Erika Mugartegi eta Aritz Erkiaga. Azken bi txapelketak irabazi dituzte markina-xemeindarrak eta ispastertarrak, Donibane Lohizunen eguenean [apirilak 25] eta Gasteizen barikuan [apirilak 26]. Azken hilabeteetako izar nagusiak dira, Winter Serieseko txapeldunak dira.
Erkiagak gainera, orain arteko Jai Alai Ligako partida eta txapelketa guztiak irabazi ditu, 17 garaipen dira jarraian. Gasteizen barikuan [apirilak 26] ez zitzaion Donibane Lohizuneko nekea igarri. Erritmo ona ezarri zuen ispastertarrak eta Del Riok ondo lagunduta, lehen seta eroso irabazi zuten (15-10). Bigarren jokoan 5-6 tantoko abantaila hartu zuten Xabi Barandikak eta Unai Lekerikak, baina Erkiagak ahal izan zuenean pilota aldatu zuen partidaren norabidea aldatuz. Barandika, bere berragerpeneko bigarren partiduan, ondo aritu zen, baina sakean izan zuen arazo nagusia eta ispastertarrak ez zuen barkatu. Saiatu arren, ezin izan zuten hirugarren seta bideratu (15-11).
Zesta-puntan, gainerako kiroletan bezala, jokoaren eraginkortasuna da azken finean balio duena, eta garaipenak ematen dituena. Goi mailan, akatsak garesti ordaintzen dira eta segurtasuna saritu. Erika Mugartegi bikain egokitu zen Gasteizko Olabe pilotalekura eta bere segurtasun eta erregulartasun horrek, Merino tolosarraren laguntzagaz, garaipenera arte. Maite Ortiz de Mendibilek eta Arai Lejardi markina-xemeindarrak aurkariek baina huts gehiago egin dituzte. 15-14 eta 11-15 egin ostean, hirugarren setean erabaki zen finala. Zzken tantoetan, Lejardi izan da publikoa zutik eta txaloka jarri zuena, ikaragarrizko pilotak sartu baitzituen. Edozelan ere, Mugartegi eta Merinorentzat izan zen azkenean garaipena, 5-2.
Ordezkaririk gabe. Bilboko Iron Cup txapelketak ez du Lea-Artibaiko eta Mutrikuko beste ordezkaririk izango. Zapatuan [apirilak 27] Pro-Am txapelketako aurretiazko finalerdiak jokatu zituzten eta Arbe-Atain eta Urrutia-Del Rio bikoteek egin zuten aurrera, urrenez urren, 15-14 eta 15-11 Bixente eta Zabala eta 15-12, 13-15 eta 4-5 Urreisti-Uranga gaindituz. Domekan [apirilak 28] lehen aldiz jokatuko den txapelketarako azken txartela erabakiko zen. Markina-Xemeindarrek ezin izan zituzten Urrutia eta Del Rio gainditu eta kanpoan geratu ziren: 13-15 eta 14-15.
Hurrengokoak dira barikuan [maiatzak 3] hasiko den txapelketako bikoteak: A multzoan, Erkiaga-Ibarluzea, Barandika-Lekerika eta Laduche-Manci eta B multzoan Goitia-Basque, Johan-Gorka eta Urrutia-Del Rio. Nesken txapelketa, berriz, maiatzaren 24an hasiko da, lehen finalaurrekoan, Helena-Maialen bikotea Elaia-Ihart bikotearen aurka, eta bestean, Erika-Frida eta Maite-Arai.