Gorriak izan dira nagusi 32. Amorotoko Pala Txapelketan
32. Amorotoko Pala Txapelketako finalak jokatu zituzten zapatuan [apirilak 27] Amorotoko frontoian. Barruk eta Argoitzek 30-25 irabazi zuten bigarren mailako finala, eta Jonpuk eta Epermendik 30-20, lehenengo mailakoa.
32. Amorotoko Pala Txapelketak eman du jada bere onena, eta baita parte hartzaileek ere. Zapatuan [apirilak 27] Udabirra Fest jaiagaz batera jokatu zituzten finalak, giro politean: “Jende asko etorri zen Udabirra Fest zela aprobetxatuz. Giro polita egon zen, oso-oso polita”.
Hori horrela, bigarren mailako partidak estreinatu zuen finaleko eguna. Kolore gorriagaz Barru eta Argoitz aritu ziren eta urdinagaz, berriz, Ibon eta Josu. Partida hasi eta gutxira, gelditu egin behar izan zuten: “Bosgarren tantoaren inguruan 10 minutu gelditu genuen partida, sekulako ekaitza bota eta frontoira hezetasuna sartu zelako”. Hala ere, partida ederra eskaini zuten partaideek: “Nahiko parekatua izan zen. Erditik aurrera Barru eta Argoitz aurreratu ziren, eta abantaila hartu zuten”. Hori horrela, gorriek irabazi zuten finala, 30-25.
Lehenengo mailakoen finalean, berriz, Jonpuk eta Epermendik jantzi zuten kolore gorria, eta Ikedi II.ak eta Liherrek, urdina. Urdinek gogor hasi zuten partida, markagailuan aurretik joateraino: “Oso gogor joan zen partida, hasiera batez ere. Ikedi eta Liher aurretik hasi ziren, baina Jonpuk eta Epermendik defentsa handia erakutsi zuten”. Hala, tantoei eutsiz markagailua euren alde jartzea lortu zuten, eta 30-20 amaitu zuten partida.
Partida berezia. Txapelketagaz amaitu ostean, pala partida berezi bat ikusi ahal izan zuten bertaratu zirenek. Frontoia jendez gainezka, euren abilezia erakutsi zuten pelotariek. Mikel Goñik eta Asier del Hornok bikotea osatu behar zuten arren, del Horno lesionatu egin zen bosgarren tantoan, eta Olaitu markina-xemeindarrak bete zuen bere tokia. Hori horrela, Goñik eta Olaituk aurrez aurre eduki zituzten Txirloi eta Agirre. Partida gorabeheratsua izan zen arren, Txirloik eta Agirrek eskuratu zuten garaipena, markagailua 30-22 utziz.