Maiatzaren 2an hasiko da ontzi arinen proba pilotua Mutrikun
Gailu adimendunak ipini dituzte 24 edukiontzi horitan eta hiru ontzi mota bota ahalko dira. Herritarren lana eskertu eta parte hartzea eskatu dute udaletik.
Ontzi arinen gaikako bilketa hobetzeko helburuarekin Mutrikuko Udalak eta Debabarrenako Mankomunitateak bat eginezĀ proba pilotua ipiniko dute martxan eguaztenean [maiatzak 2]. Herrian dauden 24 edukiontzi horietan gailu adimendunak ipinita herritarrek ontzi arinak sailkatzeko duten ohitura aztertuko dute.
Edukiontzi horiek dituzten bi zuloetako batean ipini dituzte gailu adimendunak. Horrela, proiektuan parte hartu nahi dutenek zulo horretatik botako dituzte ontziak, beste zuloa ohiko erabilerarako utziko delarik. “Herritarren parte hartzea eskatzen dugu, baina ez dugu inor derrigortuko”. Parte hartu nahi duten herritarrek txartel bidez edo aplikazioaren bitartez identifikatuko dira, gailura txartela edo mugikorra hurbilduz. Ostean, ontziak botako dituzte, banan banan eta argi bitartez jakinaraziko zaie ongi sailkatu duten ala ez, eta zein den jaso duten puntuazioa.
Hiru hondakin mota bota ahalko dira soilik zulo horretatik; tetrabrikak, plastikozko botilak (urarenak, olioarenak..) eta freskagarrien latak. “Garrantzitsua da soilik ontzi horiek botatzea, gainontzekoak, beti bezala zulo normaletik bota beharko dira, gailuak ez baitu gainontzeko ontzirik identifikatzen”.
Parte hartu nahi duten herritarrek Recysmart aplikazioa deskargatu beharko dute mugikorrean edo txartela eskuratu udalean.
Ondo sailkatutako ontziek puntuazio bat emango dute, horrela, puntuazio altuena lortzen duen herritarrak Mutrikuko produktuez osatutako 100 euroko saskia lortuko du, hilabetero. “Gaur gaurkoz, saskia emango da, baina proiektua aurrera joan ahala, sari ezberdinak ematea landu dugu, esaterako, herrian erosteko bonuak”. Parte hartu nahi duten herritarrek Recysmart aplikazioa deskargatu beharko dute mugikorrean edo txartela eskuratu udalean. “Lanean ari gara organikoaren poltsak ateratzeko erabiltzen den Mankomunitateko txartela proiektuan erabili ahal izateko”. Udaleko energia sailean txartelak lortu ahalko dira.
Proiektua urte betez egongo da martxan herrian eta lortutako emaitzen arabera Debabarrenako gainontzeko herrietara zabalduko da. Herritarren interesa handia izan dela jakitera eman dute, horrela baieztatu baitute proiektuaren berri emateko martxoan egindako herri batzarrak. Zazpi puntutan egin zituzten batzarrak eta jende asko hurbildu zela azaldu dute, ostean, apirilean herritarren ekarpenak jaso dituzte. Ainhize Azpiazu Azkarraga Mutrikuko alkateordeak herritarrei eskerrak eman nahi izan dizkie, haien lana eskertu eta pauso bat gehiago ematea eskatuz. “Harro sentitzen gara Mutrikuk Debabarrenako eskualdeko gaikako bilketa datu onenak dituelako, baina hobetzeko tartea dugu oraindik eta parte hartzera animatu nahi zaituztet”.