Musikaia Eguna bakarrik ez, Musikaia asteburua izan da
Barikuan [apirilak 26] ospatu zuten Musikaia Eguna eta domekan [apirilak 28] kontzertua eskaini Xemeingo abesbatzagaz batera.
Musikaia musika eskolak 10 urte betetzen ditu aurten eta ikasturteko hilabete bakoitzean bestelako ekimen bat antolatu du. Hala ere, badaude urtero errepikatzen dituzten ekintzak ere, Musikaia Eguna, esate baterako.
Barikuan [apirilak 26] ospatu zuten, eguraldiagatik, Merkatu Plazan. Horregatik, ezin izan zuten erraldoiek parte hartu, baina antolatzaileek esan dute ikasturtea amaitu aurretik haiekin zerbait egin nahi dutela. Talde desberdinetako 200 parte hartzaile inguru igo ziren eszenatokira. “Oso ekintza polita izan zen eta giro herrikoia eta ezin hobea nagusitu zen”.
Domekan [apirilak 28] Lekeitioko Kilin Kala eta Markina-Xemeingo Xemein abesbatzak kontzertua eskaini zuten elizan. Guztira 140 partaide inguruk parte hartu zuten eta eliza bete zuten ikusleek errepertorio “anitzaz” gozatzeko aukera izan zuten. Hain zuzen ere, helburua herritarrei “ahots taldeen garrantzia” azpimarratzea zen. Lehenengo lekeitiarrek abestu zuten, gero markina-xemeindarrek eta azkenenean Maitia nun zira abestua zuten denek batera.