Saturrarango kantina eta komun zerbitzuak ez du irekiera baimenik jaso
Ibaira egiten diren isurketak direla eta ez dute jaso Ura Agentziaren aldeko txostenik. Arazo "historikoa" da Saturrarango saneamenduarena, eta urte luzez atzeratu ostean, irekiera baimena ukatu du Kosta Zuzendaritzak.
Mutrikuko Udalaren egueneko osoko bilkuran mahai gaineratu zuten kantinen eta komunen kudeaketako zerbitzuen esleipenak asteon aterako dituztela, baina soilik Hondarbeltzeko, herriguneko hondartzako eta zabalerako gunearen kudeaketa zerbitzuak aterako dituzte, Saturrarango kantinaren ta komunaren irekiera baimenik ez baitute jaso, ibaira egiten diren isurketak direla eta.
Urteetako arazoa da Saturrarango isurketena eta aurten Kosta Zuzendaritzak baimena ukatu dio udalari; Ura Agentziaren aldeko txostenik ez dagoenez, ez dago baimenik. Inhar Mutiozabal Zabala EH Bilduko zinegotziak saneamendu sarearen “gai historikoaren” arazoaren berri eman zuen. “Bi eraikuntza hauek isurketak egiten dituzte ibaira eta beti esan da ez dagoela ondo, konpondu egin behar dela baina ez da egin. Pila bat agintaldiren ostean, nahikoa dela esan dute eta ezin da zabaldu. Egia da urteak direla saneamenduaren proiektuarekin gabiltzala, eta nik uste, askoren esperantza zela Mijoatik ibairainoko saneamendua prest egotea, baina, gaur gaurkoz, ez dago”.
“Ingeniariak lanean dabiltza eta espero dugu maiatzaren amaieran edo ekainean albiste hobeekin etortzea, zerbitzu onak eskaintzeko, baina ez da erraza izango”.
Otsailean jaso zuten Kosta Zuzendaritzaren jakinarazpena eta haiekin zein Ura Agentziarekin bilerak eduki zituzten irtenbide bat bilatzeko asmoz, ibaira egiten diren isurketak guztiz moztu behar baitira. “Duela urte batzuetako proposamenak atzera bota dira eta ingeniaritza talde batekin harremanetan jarri ginen irtenbide bat topatzeko”. Saneamendua eginda dagoen lekuren batera lotura egitea litzateke irtenbidea, horretarako bi aukera daudelarik; Mutrikuko herriguneraino bidaltzea urak edo Ondarroako hodira lotzea. “Bata zein bestea proiektu aldetik, gu bezalako herri batentzat, ez da bideragarria ez ekonomikoki ezta denbora aldetik ere”.
Uda garaia hastear dagoela kontuan izanda eta Saturrarango hondartzak jasotzen duen bisitari kopurua ikusita, larrialdiko irtenbide bat bilatzeko unean dago udala. “Gaur egun dagoen zirrikitu bakarrenetakoa festetako komunak ipintzea da, nahiz eta ez den Saturraranek merezi duen zerbitzua. Hala ere, ingeniariak lanean dabiltza eta espero dugu maiatzaren amaieran edo ekainean albiste hobeekin etortzea, zerbitzu onak eskaintzeko, baina ez da erraza izango”.
Aurrean dutena urgentziazko egoera bat da, momentuko erabakiak behar dituena.
Iñigo Agirre Berdeak eta Independenteak alderdiko zinegotziak arazoaren larritasuna nabarmendu zuen. “Urtez urte atzeratzen joan den gai bat da hau eta ez dugu hartu neurririk. Arazoa larria da eta epe motzera zerbait aurkitu behar da; zerbitzu maila bat egokitu ahal da, udalak aurrera eraman dezakeena, epe motzerako erabaki bat. Ondarroako apustua landu egin beharko litzatekeela uste dugu”.
Mutiozabalek ariketaren zailtasunak argitu zituen eta irailean saneamendu hodiaren proiektua lantzen hasiko direla zehaztu zuen, baina orain aurrean dutena urgentziazko egoera bat dela, momentuko erabakiak behar dituena. “Udalaren gainetik dagoen ariketa bat da hau, eta soluziorik ez dago ez daukagulako saneamendu leku batera lotzerik epe motzean, bolumen handiko leku bat delako. Uda salbatzeko urgentzia bat dugu, bisitari guztiak etorri egingo dira “.