Ekainaren 8an izango da Etxebarriko Ganadu Azoka
Erakusketan eta salerosketan parte hartu nahi dutenek maiatzaren 2tik 10era bitartean eman beharko dute izena. Produktuak jartzeko aukera ere egongo da.
Etxebarriko Udalak Ganadu Azoka egingo du beste behin ere, animalien erakusketa eta salerosketa egiteko asmoz; aurtengo hitzordua ekainaren 8an jarri dute.
Azokan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute eguenetik [maiatzak 2] aurrera. Izena emateko azken eguna, berriz, maiatzaren 10a izango da. Eskaerak aurkezteko hiru bide zabaldu dituzte: udaletxean (09:00etatik 14:00etara), 946-16 64 32 telefonora deituz edo udala.etxebarria@bizkaia.org helbidera idatziz.
Parte hartu ahal izateko hainbat baldintza bete behar dira. Parte hartzea librea eta doakoa izango den arren, erakusketako animaliak herrikoak izam beharko dira dieta jaso ahal izateko. Hala, sei hilabetetik gorako animaliek jasoko dituzte dietak; jabe bakoitzak abere mota bakoitzeko gehienez lau bururen dietak kobratu ahalko ditu. Zaldi, behor, mando, asto eta poniak eroaten dituztenek 75 euro jasoko dituzte buruko; behi, txahal eta idiek, berriz, 115 euro jasoko dute buruko. Sei hilabetetik gorako loteei berriz, 120 euro emango dizkiete; loteak bederatzi ardik eta ahari batek edo bederatzi ahuntz eta aker batek osatutakoak izan beharko dira.
Bestalde, euskal arrazako etxabereek izen ematean ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eta honela banatuko dituzte dietak: oilo, untxi, antzar, ahate eta ahuntzen lote bakoitzeko 60 euro emango dituzte (lotea bi emek eta ar batek osatuko dute). Euskal artzain txakur bakoitzeko, berriz, 25 euro jaso ahalko dituzte.
Garraioa bakoitzaren kontura izango den arren, osasun analisiak udalak ordainduko ditu. Azaldu dutenez, osasun arloan indarrean dauden arauak bete beharko dituzte: izena ematerakoan animalien kartilla aurkeztu beharko dute, presentzialki edo e-mail bidez. Horrez gain, animaliak sokan lotuta egon beharko dira erakusketak iraun bitartean. Arauak betetzen ez dituenak dieta eskubideak galduko ditu.
Produktuen azoka. Bestalde, animaliez gain produktuak ere salgai jarriko dituzte. Ortuariak, gaztak, gozokiak, eztia, jogurtak, esnekiak, ogia edo bestelakoak saldu nahi dituztenentzak kasetak ipiniko dituzte; postu bakoitzari 100 euroko dieta ordainduko diete. Udalaren webgunean argitaratu dituzte postuak esleitzeko bete beharreko baldintzak.