Etxeko estropadan bigarren postua lortu du Mutrikuk
Gipuzkoako Trainerillen Ligako lehenengo jardunaldia jokatu da gaur [maiatzak 1] Mutrikun. Etxeko taldeko emakumezko kadeteak jardunaldia irabaztetik bi segundora geratu dira.
Portua trainerillaz beteta, Gipuzkoako Trainerilla Ligako lehenengo jardunaldia jokatu dute gaur [maiatzak 1] Mutrikun. Eguraldiak lagundu ez dien arren, maila onean hasi dute liga arraunlariek. Bigarren jardunaldia zapatuan [maiatzak 4] lehiatuko dute, Donostian. Urumea ibaian ariko dira arraunlariak, 10:00etatik aurrera.Â
Emakumezko kadeteek eman diote hasiera jardunaldiari. Guztira hamaika izan dira atera diren traineruak, eta etxeko taldeak indartsu hasi du liga: jardunaldia irabaztetik bi segundo eskasera geratu dira. Laugarren minutuan hartu dute ziaboga, eta 08.23,48ko denbora eginda amaitu dute estropada. Aurretik Tolosaldea geratu da, 08.21,52ko denboragaz. Podiuma, berriz, San Pedro “A” taldeak osatu du (08.28,43). Gizonezko kadeteetan San Pedrok irabazi du jardunaldia (07.25,30). Atzetik geratu dira San Juanen bigarren taldea (07.30,89) eta Getaria (07.33,44).
Emakumezko gazteetan, aldiz, San Juanek ez du ia aurkaririk izan. Lehenengo ziabogan Tolosaldea gertu aritu bada ere, bigarren eta hirugarren ziabogetan aurrea hartu du San Juanek. Hala, 00.16.39,61eko denboragaz eskuratu dute garaipena; Tolosaldeak 00.16.44,03ko denbora egin du. Hirugarren postua Hernanik eskuratu du (00.17.22,13). Gizonezko gazteen mailan, ostera, bi traineru atera dira, eta San Pedro izan da azkarrena (00.15.13,72). Atzetik, Tolosaldea geratu da (00.15.25,07).
Emakumezkoen absolutu mailan, berriz, Tolosaldeak lehenengo ziaboga hartzeko Zumaiak baino lau segundo gehiago behar izan duten arren, bigarren eta hirugarren ziabogetan aurrea hartuta irabazi dute estropada (00.15.52,71). Zumaiak bigarren postua (00.16.11,43) irabazi du, eta Donostiarrak, berriz, hirugarrena (00.16.29,76).
Gizonezkoetan Getaria eta Hondarribia lehia estuan aritu dira. Lehenengo ziabogan Getaria atzetik joan da, baina bigarrenean aurrea hartu dio Hondarribiari. Hirugarren ziaboga, berriz, biek batera hartu dute. Hala, Getariak 00.14.23,69ko denboragaz irabazi du estropada, eta 7 ehuneko atzetik sartu da Hondarribia (00.14.23,76). Donostiarrak osatu du podiuma, 00.14.25,28ko denbora eginda.