Lehia hasi da lur gaineko Sokatira Txapelketan
Euskal Herriko lur gaineko Sokatira Txapelketa hasi da gaur [maiatzak 1] Galdonan. Mutriku Sokatira Taldeko emakume tiralarien debuta izan da, Mutriku Saturraran eta Mutriku San Jeronimo talde nahasietan tiratu dute.
Pisu handieneko txapelketarekin hasi da Euskal Herriko lur gaineko Txapelketa, zehazki, 680 kiloko txapelketarekin. Hiru jardunaldi izango dituen txapelketaren lehenengo hitzordua hartu du [maiatzak 1] Galdonako zelaiak.
Berezia izan da gaurko jardunaldia Mutriku Sokatira Taldearentzat, txapelketa etxean hasteaz gain, taldeko emakumeen eta gizonezko batzuen debuta izan baita. Hiru talde osatu ditu etxeko taldeak Mutriku, Mutriku Saturraran eta Mutriku San Jeronimo. Urduritasunak sumatzen ziren, baita lehenengo aldiak sortzen dituen grinak ere, eta nabaritu da bai kirolarietan eta baita ikusleen artean ere. Gaztedi A, Gaztedi B, Goiherri, Goiherri Akelarre eta etxeko hiru talde aritu dira lehian.
Gogotsu atera dira zazpi taldeak, denboraldi aurreko prestakuntza lanak ondo erein ostean, lehiaren uneari aurre ekiteko eta indarrez atera dira etxeko taldeak. 11:30ean abiatu dituzte tiraldiak eta eguerdian amaitu da jardunaldia.
Lehenengo jardunaldian Gaztedi A taldea izan da puntuazio handiena lortu duen taldea (18 puntu), bigarrenak erandioko Goiherri taldekoak (15 puntu) eta ostean, etxeko Mutriku taldekoak eta Akelarre taldekoak puntuz berdinduta sailkatu dira, 10 puntu lortu ditu bakoitzak. Gaztedi B taldeak 6 puntu lortu ditu, Mutriku San Jeronimok 3 puntu eta Mutriku Saturraranek, ostera, ez du punturik jaso.
Txapelketa hasi besterik ez da egin, lehenengo jardunaldia lehiatu dute baina beste bi hitzordu dituzte aurretik. Denak ala denak inguruko herrietan izango dira, hortaz, gaur bezala, ikusleei hurbildu eta berotasuna emateko deia egin dute taldetik.
- Bigarren jardunaldia maiatzak 4 [zapatua], Ondarroan.
- Hirugarren jardunaldia maiatzak 12 [domeka], Berriatuan.