Abestia eta bideoklipa kaleratu ditu Txirrimorraskik
Txirrimorraski ODLTren 35. urteurrena girotzen hasia da herrian. Taldea zoriondu eta euskarri izan diren guztiei eskertza egiteko kantu bat sortu eta bideoklipa kaleratu dute. “Bideoa Txirrimorraski zoriontzeko sortu dugu, aurten 35 urte handi bete ditugulako”.
Abestiaren atzean lan talde handi bat egon da lanean, Keu Agirretxek gidatua, eta taldetik eskerrak eman nahi izan dizkiote guztiei: “Eskerrik asko, berriz ere, Keu Agirretxea, gure proposamenari baiezkoa eman eta bihotz-bihotzez lan egiteagatik. Plazer bat da zu kanta honen parte izatea. Eskerrik asko baita ere June Otxoantesanari, Beñat Bidegaini, Kirmen Uriberi, Axular Arizmendiri eta Ondarroako Musika Eskolako taldeari. Pilo bat gozatu dugu zuekin lanean”.
Horrez gain, Txirrimorraski osatzen duten haur, guraso, begirale, begirale ohi eta sortzaileak aipatu dituzte: “35 urte hauetan euskarri izan direlako. Eskerrik asko”.