Ane Labaka: "Berezia izan da 'Murmur' idaztea"
Ane Labaka Mayozek Peru Abarka lehiaketako narrazio onenaren saria irabazi berri du, ‘Murmur’ lanagaz; Markina-Xemeingo Udalaren webgunean irakurri daiteke. Itoizko urtegiaren inguruko oroitzapenen memoriak atera nahi izan ditu urpetik.
Aho batez aukeratu dute epaileek zure lana. Nola sentiarazten zaitu horrek?
Niretzat sekulako poza izan da. Berezia izan da Murmur idaztea, eta epaileek nire lana aho batez aukeratu izana oso pozik jaso dut. Horrek, gainera, aurrera begira bultzada ere ematen dizu. Liburua argitaratu egingo denez, beste konfiantza batekin zoaz, eta badaukazu Peru Abarka lehiaketaren babesa ere. Desberdin heltzen zara plazara.
«Horma nola lokatzaz, barnea markaz». Ibil Bedi taldearen abestiaren hitzak aukeratu dituzu hasierarako. Zure barne markaren bat hartu duzu abiapuntutzat?
Ez da nik lehenengo pertsonan bizi izan dudan zerbait, baina, bazen aspalditik buruan neukan zerbait. Arreta ematen zidan, eta baneukan buruan horren inguruan zerbait egitea, urpean geratu ziren bizitza, familia eta bizipen guzti horien inguruan. Idazten ibiltzen garenok ideia desberdinak edukitzen ditugu buruan bueltaka, eta momentu batean ideia hori martxan jartzen da. Nire kasuan kontakizunean aipatu dudan albistea izan zen bere momentuan martxan jarri zidana. Hortik gutxira Ingeborg Irati Diez Elizaldek egindako elkarrizketa bat entzun nuen, eta berarekin harremanetan jarri nintzen, bere antropologiako lana bidaltzeko. Oso eskuzabal eta eskertuta bidali zidan, eta hori abiapuntu moduko bat izan da. Hor irudimena aske utzi nuen, eta hotik sortu da.
“Saiatu naiz bigarren zentzuak, galderak, atzeko xuxurla edo murmur hori sartzen”
Nondik dator Murmur izena?
Urak sortzen duen soinu edo xuxurla da. Hitz bezala ere gustatzen zait, ‘ur’ hitza ere baduelako barruan, bi aldiz. Urak sortzen duen hondoko soinu hori ere adierazten du, eta iruditzen zitzaidan testu osoan badagoela hondoko uraren soinu hori; momentu askotan aipatzen da ura, oso presente dago. Nahita egindako lana izan da gainera; saiatu nintzen hiztegi bat osatzen urarekin lotura duten hitzekin.
Diezen Cuando la sangre se convierte en agua lana izan duzu inspirazio iturri. Zuk, Murmur idatzi ostean, uretik edo odoletik duzu gehiago?
Odoletik gehiago. Egia da denbora asko eduki dudala buru barruan bueltaka, baina idazten eseri naizenean ez dit eskatu beste lan batzuek eskatu didaten adina denbora. Niretzat gozamena izan da. Uste dut denbora asko eduki dudala beratzen buru barruan. Ez dut buruhauste handiegirik izan idazteko momentuan, gozatu egin dut idazteko prozesuarekin.
Testuan esaten ez direnek esaten direnek bezainbesteko garrantzia dutela esan dute epaileek.
Testu laburra da, eta bai eskatzen du, edo nik behintzat nire buruari eskatzen nion, oso zehatza izatea, baina, aldi berean baita oso iradokitzailea ere, ulertu zedila pixka bat testutik haratago. Hori izan da batez ere nire lana, zehaztasuna topatzea eta aldi berean beste esanahi batzuk topatzea. Era berean, badaude esaldi labur batzuk ere, protagonistaren umetako ahotsetik idatzi ditudanak. Iruditzen zait horiek, bere txikian edo, ematen diotela beste bizitasun bat kontakizunari, eta aldi berean ez direla esaldi hutsalak, hau da, ez dela ume batek besterik gabe esaten duen zerbait. Hortik asko eduki du lan honek; saiatu naiz bigarren zentzuak, galderak, atzeko xuxurla edo murmur hori testu guztian sartzen.
“Sormenak kezkak plazaratzeko eta gizartean eragiteko bidea ematen dit”
Ama eta alaba baten arteko elkarrizketa edo bakarrizketa da idatzi duzuna.
Hasieran aipatzen da familia askotan badaudela tabu edo isiltasun batzuk, agian bere momentuan oso mingarriak izan zirelako eta belaunaldiz belaunaldi ez delako jakin isiltasun horrekin amaitzen. Kasu honetan ere hori adierazi nahi izan nuen. Narrazioan alabak ordura arte ez du sentitu beharrik horri buruz galdetzeko, baina, bat-batean, zerbaitek barrua mugitu dio, eta horri buruz galdezka hasi zaio amari. Kontua da, agian, ama ez dagoela prest isiltasun hori eteteko edo nahiago duela horretaz ez jardun. Uste dut bizirauteko mekanismo bat ere badela isiltasuna. Bakoitzak zauriak nola kudeatzen dituen horren araberakoa izango da, eta hori da testuan kontatzen dudana.
Narrazioan azpigai askoren inguruan idatzi duzula azpimarratu dute epaileek, halako borroketan emakumeek duten papera, tarteko.
Bai, borroken iruditegia nola dagoen osatuta ere irakurri daiteke testuan. Herri honetan militantzia, oro har, nola ulertu izan den, zeintzuk irudikatzen ditugun pankartak heltzen, zeintzuk saboteatzen… Iruditzen zitzaidan Itoitzen inguruko borroka konkretu horrek aukera ematen zidala maila orokorragoan hitz egiteko. Espazioak ere aipatzen dira, ze espazio dauden, zeintzuk gogoratzen diren, zeintzuk ez… eta justu emakumeek habitatzen zuten garbitegia ez. Uste dut nahikoa txertatuta daukadala nire sortzeko moduan ikuspegi hori, eta nahi gabe ateratzen zaizkidala horrelako detaileak, zorionez. Helburua ez zen emakumeen ikusezintasunari buruz aritzea, baina ez da kasualitatea izan ama eta alaba izatea, ez da kasualitatea garbitegian lan egiten zuten emakumeak aipatzea, ez da kasualitatea borrokari beste ertz batetik begiratu nahi izatea.
“Uste dut bizirauteko mekanismo bat ere badela isiltasuna; hori da kontatu dudana”
Narrazioa eta poesia nahastu dituzu, eta idazlea ez ezik, bertsolaria ere bazara; sormenari lotuta, biak ere. Zuri zer ematen dizu sortzeak?
Alde batetik, momentu honetan nire bizibidea sormena da, apustu bat egin nuen duela urte batzuk horretarako, eta horri eskaintzen diot daukadan denbora. Beti dauzkat, lehen aipatu dudan bezala, proiektu edo asmo asko buruan, eta batzuetan horiek aurrera ateratzeko tartea falta izaten zait. Baina, kasu honetan, adibidez, pozik nago horregatik ere. Tarte hori hartu ahal izan dut, eta forma hartuko du. Hurrengo Durangoko Azokan ilustrazio eta guzti liburu bat izango da. Era berean, sormenak nire kezkak plazaratzeko bide bat ere ematen dit, eta baita, txikitik, baina nolabait gizartean eragiteko ahalmena ere. Gustatzen zait pentsatzea nik idatzitako gauzak irakurtzen dituztenak ez direla, besterik gabe, hotz gelditzen, baizik eta zer pentsatua emango dietela. Batzuei behintzat sortuko dizkietela kezka batzuk, galdera batzuk… Horretan saiatzen naiz, esaterako, aipatu dugun emakumeen presentziari tiraka. Esango nuke sormena gauza asko direla. Laburbilduz, alde batetik, nire bizibidea da. Bestetik, adierazteko bidea da, nire kezkak eta nire barne mundua kanporatzeko modua. Eta azkenik, nolabait gizartean eragiteko modua ere bada.