Aurrerak Bizkaiko Ohorezko Mailan jokatuko du datorren denboraldian
Atzo [maiatzak 1] Añorgaren aurkako partida galduta, hirugarren maila galdu zuten. Zuzendaritzak jokalarien eta talde teknikoaren konpromiso maila nabarmendu du. "Kirolariek eta talde teknikoak gurekin jarraitzea nahi dugu".
Zubietan Añorga KKEren aurkako partidari heldu zioten atzo Aurrerako jokalariek, baina Kepa Goikoetxearen eta Oier Peraltaren golak ez ziren nahiko izan Aurrerarentzat; 3-2ko markagailuagaz partida amaituta hirugarren maila galdu zuten atzo ondarrutarrek eta Bizkaiko Ohorezko mailan jokatuko dute datorren denboraldian.
Denboraldiko helburuak bete ez diren arren, Aurrerako Zuzendaritzak jokalarien eta talde teknikoaren lana eta konpromiso maila nabarmendu nahi izan du. “Denboraldiaren balorazioa ez da positiboa izan, ez dugu helburua lortu eta alde horretatik balorazio negatiboa dugu. Baina ez daukagu ezer aurpegiratzerik, ez jokalariei, ezta entrenatzaileari ere. Azkenengo momentura arte borrokatu dutelako, jarrera onez, eguneroko lana ondo eginez eta konpromisoz. Gainontzekoak gu baino hobeagoak izan dira eta gu jaitsi gara”, azaldu du Mikel Santiso Aurrera Kirol Elkarteko zuzendariak.
Jokalari gehienek, talde teknikoak eta entrenatzaileak kontratua berritzea izango da taldearen helburua.
Bi partida dituzte aurretik denboraldia amaitu baino lehenago, hurrengoa etxean izango da, domekan [maiatzak 5], 18:00etan, Zaldupen. “Jokalariei eskatu diegun gauza bakarra da geratzen diren bi partidetan orain arteko konpromiso maila berdinarekin jarraitzea, gure jendeari, zaleei, zor diogun errespetuagatik. Nahiz eta maila galduta eduki, denboraldia ondo amaitzea”.
Datorren denboraldiari begira lanean hasiko da Zuzendaritza Taldea eta argi dute ahalik eta jokalari gehienek kontratua berritzea izango dela helburua, baita talde teknikoak eta entrenatzaileak ere, “gurekin jarraitzea nahi dugu”. Entrenatzaileari kontratua berritzeko eskaintza egingo diotela zehaztu du Santisok, taldearen prozesua jarraitu eta balioan jartzeko gakoa dela ulertuta. “Epe motzeko emaitzak ez dira onak izan, baina prozesu batean gaudela ulertzen dugu eta prozesu horri indarra eman, eta balioan jartzeko, entrenatzailea oinarrizko pieza bat dela ulertzen dugu. Horregatik eskainiko diogu kontratua berritzea”.