'Hona bostekoa!' komiki erakusketa ikusgai egongo da Aulestin
Geuretik Sortuak egitasmoaren baitan sortutako komiki erakusketa bateratua bihartik [maiatzak 3] maiatzaren 9ra bitartean egongo da ikusgai udaletxean.
Lea Ibarra Bertoko Kulturarekin egitasmoaren baitan zehaztutako hitzorduari helduko diote bihar [maiatzak 3] Aulestin, Hona Bostekoa! komiki erakusketa zabalduko baitute 17:00etan.
Udalbiltzako Geuretik Sortuak proiektuaren baitan sortutako komiki bilduma da Hona bostekoa!, eta bost komikilarik sortutako bost komiki labur biltzen ditu. Euskal herriko txoko ezberdinetan kokatutako komikien artean aurkitu daitezke Unai Gaztelumendik Leitzan kokatutako Harresia, Eñaut Aiartzaguenak Amasa-Villabonan landutako Gure basoak, Kote Camacho de Miguelek Bergaran ereindako Txillardegi Bergaran, Mattinek Usurbilen egindako egonalditik sortutako Handantza eta Aritz Ibarrak sortutako Aldaxka pozoituak.
Bihartik maiatzaren 9ra bitartean egongo da ikusgai erakusketa udaletxean eta egunero edukiko du ordutegi berdina: 17:00etaik 19:30era. Horrez gain, Hamarreko bitxia eta Hona bostekoa! liburuen zozketa egingo dute bertaratzen direnen artean. “Ordutegi horretan bertaratu ezin direnek ere zozketan parte hartzeko aukera edukiko dute”. Horretarako kultura@aulesti.eus posta elektronikora idatzi beharko dute erakusketa bukatu baino lehenago, izen abizenak eta telefonoa ipinita.