Landare inbaditzaileekin amaitzeko beharraz ohartu du Eguzkik
Eguzki Erakunde Ekologistak panpa belarraren arriskuak ikusarazi eta arazoaren larritasuna azpimarratzeko kanpaina jarri du martxan.
Izaera apaingarria duen Panpa belarraren presentzia salatu eta landareak dituen arriskuak nabarmendu eta irtenbideari ekiteko kanpaina ipini du martxan Eguzki Talde Ekologistak. “Jatorriz Argentinako Panpakoa da eta dotoretzen duen gandor ikusgarriak ditu, baina oso landare kolonizatzailea da, bertako landaredia oso erraz lekualdatzen duena eta biodibertsitatea eragozten duena”.
Irailean, auzolana oinarri, panpa belarrak inguruko bazterretatik kentzeko ekimena egin zuten eta, orduan bezala, egoeraren larritasuna ikusaraztea eta erakundeen inplikazioa eskatzea da helburu nagusia. “Landare bakoitza milioika hazi aireratzeko gai dela kontuan hartuta, espezieak parerik gabe inguru berriak kolonizatzen jarraitzea ekartzen du”.
Egoeraren aurrean, erakundeen inplikazioa eskatzen jarraitzen dute. “Denbora aurka doa, ale kopurua esponentzialki hazten baita. Zenbat eta beranduago desagerrarazi orduan eta garestiagoa izango da”. Hain zuzen ere, egoerari aurre egiteko irtenbide bakarra erauzketak direla zehazten dute, sustraia ere aterata. “Erauzketa horiek zailak eta arriskutsuak dira”.
Landare inbaditzaileei aurre egitea elkarlanean egin beharreko lana dela zabaldu dute, “denok lagundu behar dugu”. Horretarako, legeari eustea eskatzen dute, hain zuzen ere, legearen aurrean debekatuta baitago aleak edukitzea, garraiatzea eta trafikatzea. “Argi dago, emaitzak nahi baditugu, denok lagundu behar dugula landare hau eta beste espezie inbaditzaile batzuk desagerrarazteko. Talde ekologista garen aldetik, beti egongo gara prest, ahal dugun neurrian, interesa duten udalekin eta lurren jabeekin lankidetzan aritzeko”.