Urriaren 17tik 20ra ospatuko dute 47. Euskal Zine Bilera
Sail Ofizialeko Lehiaketan film laburrak aurkezteko epea zabalik egongo da uztailaren 30era arte.
Euskal Zine Bilerak bere ateak irekiko ditu urriaren 17tik 20ra, 47. jaialdiari hasiera emateko. Euskara eta zinema elkartzen ditu Lekeitioko jaialdiak: “Euskara hutsean egiten de jaialdirik zaharrena da, eta oso harro gaude urte hauetan guztietan gure hizkuntza sustatu eta hedatzeko egindako lanarekin”.
Jaialdia urrian egingo duten arren, film laburrak aurkeztu nahi dituztenek uztailaren 30a baino lehen egin beharko dute. “Zine berria egin eta istorio berriak” kontatu nahi dituzten sortzaileengana heltzeko helburuagaz, hogei film laburrek osatuko dute Sail Ofizialeko lehiaketa.
Ikusgarri Zinema Aretoan ikusi ahal izango dira film labur denak, eta ikusleek ere euren gustukoena aukeratu ahal izango dute, lan bakoitzari emandako puntuen bitartez. Hala, ikusleen 750 euroko saria banatuko dute. Horrez gain, ohikoak diren Zuzendaritza, Gidoi eta Film Onenaren sariak ere banatuko dituzte epaileek, eta baita Benito Ansola saria ere. Azken horrek 24 urte baino gutxiago dituzten zinegileen lanak saritzea du helburu, eta 1.000 euroko saria jaso ahalko dute. Film onenak berriz, 3.000 euroko saria jasoko du, eta zuzendaritza nahiz gidoi onenek 1.600 euroko saria lortuko dute.
Lehiaketaren inguruko informazio guztia eta oinarriak zinebilera.eus webgunean jarri dituzte eskuragarri; “Animatu eta parte hartu ezazu Euskal Zine Bileran!”.