Bizi-bizirik dago txapelketa
Bigarren jardunaldia Ondarroan lehiatu ostean hirugarren jardunaldia eta finala lehiatuko dira domekan [maiatzak 12], 11:30ean, Berriatuan.
Ondarroak hartu zuen zapatuan [maiatzak 4] Euskal Herriko lur gaineko 680 kiloko Sokatira Txapelketaren bigarren jardunaldia, eta Mutriku Sokatira Taldeko gizonezkoen taldeak hirugarren postua eskuratu zuen.
17:00ak eman orduko zazpi taldeen arteko lehiari heltzeko unea ailegatu zen Ibaiondon eta ikuskizun ederrarekin gozatzeko aukera eskaini zioten ikusleei. Lehenengo jardunaldian Gaztedi A taldea izan zen nagusi, baina Ondarroako jardunaldian lehia estua eduki zuten Erandioko Goiherri taldekoekin. Talde biak puntuazio berdina jasota, lehenengo postuaren lehia bizitu zuten; 16 puntu lortu zituen bakoitzak, hortaz, sailkapen orokorra lehia estuan dago. Hirugarren postuan, ostera, Mutriku taldea izan zen jaun eta jabe. Goiherri Akelarre eta Gaztedi B taldeek ere puntuazio berdina lortu zuten, 7 puntu bakoitzak. Mutrikuko San Jeronimo taldeak 3 puntu eskuratu zituen eta Saturraranek, ostera, ez zuen punturik eskuratu.
Domekan [maiatzak 12] 11:30ean, Berriatuko Altxuneko zelaian lehiatuko den hirugarren jardunaldiak erabakiko ditu finalera pasatuko diren taldeak; bi jardunaldiak ikusita, lehia ederra egongo da Berriatuan. Mutriku Sokatira Taldekoek eskerrak eman nahi izan dizkiote Ondarroako Udalari jardunaldia hartzeagatik; asko eta asko izan ziren hurbildu ziren herritarrak eta giro paregabea osatu zen Ibaiondon.