Kultura ezberdinetako herritarrak elkartu dira sukaldearen inguruan
Sukaldaritza jardunaldiak antolatu ditu Markina-Xemeingo Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak. Zapatuan [maiatzak 4] marokoko bi jaki egin zituzten.
Kultura desberdinak uztartuz, zapatuan [maiatzak 4] jardunaldi gastronomiko baten parte hartzeko aukera eduki zuten markina-xemeindarrek. Markina-Xemeingo Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak antolatu zuen jardunaldia, Markina-Xemeingo Udalaren eta Eikaren laguntzagaz.
Arretxinagako sukaldean elkartu ziren herritarrak, marokon ohikoak diren bi jaki egiten ikasteko, Samira eta Hasna ama-alaben gidaritzapean. Bi jakiak prestatzen amaitutakoan mahaiaren inguruan elkartu ziren egindakoa dastatzeko, “marokoko te ederrarekin lagunduta”. Jan bitartean, elkarrekin hitz egin eta ezagutzeko aukera eduki zuten parte hartzaileek.
Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak lanean jarraitzeko asmo sendoa dauka, “herri adeitsu, atsegin eta abegikorra” eraikitzen jarraitzeko: “Gure herrian askotariko kulturak daude, eta horiek guztiek kolore berezia ematen diote. Era berean, taldeak eskerrak eman nahi izan dizkie Samira eta Hasnari, eta baita parte hartu zuten guztiei ere.