Lauren Aretxabaleta Goikoetxea zendu da
Markina-Xemeingo alkatea izan zen 22 urtez, 1977tik 1999ra. Markina-Xemeingo Udalak eskerrak eman dizkio "herriaren alde egindako lanagatik".
Lauren Aretxabaleta Goikoetxea zendu zen zapatuan [maiatzak 4]. Markina-Xemeingo Udala osatzen duten langile guztien izenean eskerrak eman nahi izan dizkiete Aretxabaletari: “Eskerrik asko herriaren alde egindako lanagatik eta zure konpromisoagatik, Markina-Xemeingo Udala osatzen dugun guztion izenean”. Era beran, senide, lagun eta gertukoei doluminak eman dizkiete: “Besarkada bana”.
Markina-Xemeinen jaio eta bertako alkatea izan zen 22 urtez, 1977tik 1999ra. Herriko EAJren taldeak ere esker hitzez agurtu dute Aretxabaleta: “Herri honen alde dena eman zenuen. Markina-Xemeingo EAJren izenean eskerrik asko Lauren. Goian bego”. Hileta meza gaur [maiatzak 6] 18:00etan egingo dute, errautsekin, Xemeingo Andra Mari parrokian.