Balkoi eta leihoetako lore lehiaketa egingo dute Aulestin
Izena emateko aukera zabalik dago. Lore naturalez edo belarrez apainduta egon beharko dira eta kaletik ikusteko moduko lekuan kokatuta.
Leiho eta balkoietako lore lehiaketa antolatu du estreinakoz Aulestiko Udalak. Etxeetako leiho eta balkoiak lorez edota landare naturalez apaintzeko gonbidapena luzatu dute herrian, horrela, herritarren parte hartzea bultzatu eta aldi berean herria apaintzeko asmoz.
Beste hainbeste helbururen artean, herri erakargarri bezain bizi bat edukitzea dute helburu udalean, eta modu ezberdin batean egiteko aukera eskaintzen du lehiaketak. “Taldean sortu zen lehiaketaren ideia. Herri erakargarri bat eduki nahi dugu, herri polita eta herri bizia, beste mila helbururen artean. Herri bizi bat bilatzeko orduan jende ezberdinak parte hartu dezakeen ekintzak landu nahi ditugu, horretarako bide aproposa izan daiteke hau”.
Lore lehiaketaren bitartez balkoi eta leihoak jada lorez apaintzen dituzten herritarrek parte hartu ahalko dute, “baina ipintzen ez dituztenak ipintzera bultzatu ere”. Zehazki, herritarrei dei egin nahi diete. “Parte hartzeko deia egin nahi dugu; horrela herriaren erakargarritasuna ere edukiko dugulako kanpora begira”.
Lehiaketan izena eman nahi dutenek horretarako aukera daukate udaletxera joanda edota administraria@aulesti.eus posta elektronikora idatzita. Lehiaketan parte hartzeko balkoi eta leihoak apaindu beharko dira, baina gune horiek kaletik edo etxe aurretik ikusteko moduan egon beharko dira.
Herrigunea eta auzoak barnebilduko ditu lehiaketak, eta ekainaren 14rako prest egon beharko dira. “Egun horretatik aurrera igaroko baitira epaimahaiko kideak”. Balorazioa egiteko orduna bi ezaugarri edukiko dituzte kontuan; lore konposizioaren bolumen eta kolore konbinazioa eta leiho edo kokapenaren arabera egindako egokitzapena.
Hiru sari banatuko dituzte irabazleen artean. Denak ala denak, lore naturalak izango diram sariaren araberako balioa izango dutenak. Sari banaketa San Joanetako sobra txapelketaren ostean egingo da.