Eguenean biolentzia obstetrikoaren inguruan ariko dira Lekeition
Andraetxeak maiatzeko egitarua aurkeztu du, eta eguazteneroko ekintzez gain, beste hainbat ere antolatu dituzte. Eguenean Nahia Alkorta idazleagaz biolentzia obstetrikoaren inguruan ariko dira.
Maiatza ekintzaz gainezka heldu da Andraetxera. Eguaztenero zabaltzen dute bazkideek Andraetxea, eta nahi dutenek ekintzak antolatzen dituzte. Maiatzean, eguaztenetako ekintzez gain, beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte.
Bihar [maiatzak 8] 17:30ean tonifikazio zirkuitua egingo dute: “Eguazteneko bazkideak ariketa fisikoa egiteko aukera bat eskaini nahi du. Esterilla etxetik eroan behar da”. Eguenean [maiatzak 9] 18:30ean, berriz, Nahia Alkorta idazlearen Mi parto robado liburua aurkeztu eta solasaldia egingo dute: “Biolentzia obstetrikoaren inguruan ariko da. Emakumeen erditzeen inguruan hausnartzeko aukera polita edukiko dugu”.
Hurrengo astean, berriz, martitzenean [maiatzak 14] eta eguaztenean [maiatzak 15] antolatu dituzte ekintzak. Martitzenean 18:30etik aurrera urte hasieran sortutako irakurle talde feministaren txanda izango da: “Ane Labakak dinamizatzen du irakurle taldea. Hamairu ipuin liburuari buruz ariko dira”. Hurrengo egunean, aldiz, ikusentzunezkoei tartea egingo diete: “Itsasoan gaittun dokumentala ikusiko dugu, eta ostean horren inguruan hitz egingo dugu. Dokumentala kostaldeko emakume arrantzaleen inguruan da, eta lekeitiar, ondarrutar eta mutrikuarrak agertzen dira tartean”.
Maiatzeko laugarren eguaztenean, hilaren 22an, Andraetxea apainduko dute, eta azkenengo eguaztenean, maiatzaren 29an, berriz, ingeleseko mintzapraktika egiteko aukera edukiko dute, berezko estatubatuar batekin. Tartean, maiatzaren 28an, Kattalin Miner idazleagaz feminismoaren subjektuen inguruko formakuntza egingo dute: “Sujetu feministen inguruko definizio bat egingo dugu. Ez binarioak, transfeminismoa… zelan dagoen ezagutu nahi dugu. Formakuntza faltan sumatzen genuen geure burua, eta horregatik antolatu dugu”.
EGITARAUA
- Maiatzak 8, eguaztena. 17:30ean, tonifikazio zirkuitua (esterillak etxetik eroan behar dira).
- Maiatzak 9, eguena. 18:30ean, Mi parto robado liburuaren aurkezpena eta solasaldia, Nahia Alkorta idazleagaz.
- Maiatzak 14, martitzena. 18:30ean, irakurle talde feminista.
- Maiatzak 15, eguaztena. 18:30ean, Itsasoan gaittun dokumentalaren emanaldia eta solasaldia.
- Maiatzak 22, eguaztena. 17:00etan, Andraetxea apaintzeko auzolana.
- Maiatzak 28, martitzena. 18:00etatik 20:00etara, feminismoaren subjektuen inguruko formakuntza, Kattalin Minerregaz.
- Maiatzak 29, eguaztena. 18:00etan, ingeleseko mintzapraktika.