Gimnasia Erritmikako Gipuzkoako Txapelketako brontzezko domina, Markina-Xemeinera
Gorane Mendibe Bilbao 16 urteko markina-xemeindarrak hirugarren postua lortu du Gimnasia Erritmikako Gipuzkoako Txapelketa Amateurrean.
Gustuko zerbaiti denbora eta dedikazioa eskaintzeak bere fruituak ematen ditu, eta hala izan da Gorane Mendibe Bilbao 16 urteko markina-xemeindarraren kasua ere. Joan den domekan [maiatzak 5] Tolosan jokatu zen Gipuzkoako Gimnasia Erritmikako Txapelketa Amateurrean parte hartu zuen. Eta ez parte hartu bakarrik, brontzezko dominagaz itzuli zen etxera.
Zintagaz aritu zen Mendibe, eta 18,800eko puntuazioagaz gazteen mailako hirugarren postua eskuratu zuen. Ez zitzaion asko falta izan bigarren postua eskuratzeko: Egoa Garciak 20,250eko puntuazioa lortu zuen, Mendibek baino 1,45 gehiago baino ez zituen egin. Lehenengo postua, berriz, Irati Larretak eskuratu zuen, 21,050eko puntuazioagaz.
Izatez markina-xemeindarra den arren, duela bi urtetik Eibarko Ipuruan entrenatzen du; taldeka ere lehiatu zuten, baina ezin izan zuten garaipena lortu. Hala ere, domekako [maiatzak 5] marka pertsonala gainditzeko aukera edukiko du Mendibek maiatzaren 26an. Gipuzkoakoa baino “gaitzagoa” izango den arren, bere onena emango du Euskadiko Txapelketan ere.