Isuntza, gazte mailan nagusi; Ondarroa, kadeteen artean bizkor
Lekeitiok Bizkaiko Trainerilla Ligaren laugarren jardunaldia hartu du asteburuan. Eskualdeko klubak maila txukunean aritu dira, zenbait kategoriatan garaipena lortuz.
Iragan astean Elantxobeko uretan maila handia erakutsi ondoren, Lea-Artibaiko arraun elkarteek sendotasuna erakusten jarraitu zuten joanden asteburuan [maiatzak 5], Lekeition lehiaturiko Bizkaiko Trainerilla Ligaren bosgarren jardunaldiko estropadetan. Isuntza eta Ondarroa onenen pare aritu ziren zenbait kategoriatan. Lekeitiarrek, etxeko jarraitzaileen aurrean, garaipen distiratsuak poltsikoratu zituzten gazte mailan, hala gizonezko, nola emakumezko kategorietan. Isuntza A taldeak 15.29,73ko denboragaz borobildu zuen estropada, gizonezkoen artean, eta Ondarroa bigarrena izan zen, 15.40,46koagaz; Isuntza B, ordea, zazpigarrena izan zen, 16.22,09ko denboragaz. Emakumezkoen lehian, lekeitiarrak 18.04,80ko denbora eginda nagusitu ziren.
Kadete mailako emakumeen lehian, Ondarroa izan zen bizkorrena, 08.29,30eko denboragaz. Isuntzak, bere aldetik, 09.27,54ko denboragaz konformatu behar izan zuen, zazpigarren amaituz. Gizonezkoen artean, Isuntza bosgarrena izan zen, 08.05,71eko denboragaz. Lekittarraren lantaldea goiko postuetatik hurrago sailkatu zen, hain zuzen, gizonezkoen absolutu mailan: Isuntza A hirugarrena izan zen Bermeo A gailendutako proban, 14.32,66ko denboragaz. Isuntzaren C taldea, ostera, seigarrena izan zen, 15.00,87koagaz; Isuntza B, berriz, 11. postuan iritsi zen helmugara, 15.35,07koagaz.
Maila horretako emakumezko lehian, Ondarroa A izan zen eskualdeko eskifaiarik aurreratuena. Deustu C-k irabazi zuen, eta ondarrutarrak hirugarrenak izan ziren, 17.38,74koagaz; Ondarroak, gainera, B taldea ere uretaratu zuen, 18.23,18ko denboragaz bosgarren helmugaratu zena.
Hitzordu garrantzitsuak, ate joka.
Ondarroa trainerillen lehiaren epizentro bihurtuko da datozen egunetan. Izan ere, datorren zapatuan [maiatzak 11], Bizkaiko Trainerilla Ligaren bosgarren jardunaldia lehiatuko dute. Ez hori bakarrik: Bizkaiko Txapelketarako sailkapen estropada ere hartuko du lehiaketak. Bizkaiko lehia, hain zuzen ere, toki berberean egingo dute, domekan [maiatzak 12]. Azkenik, Euskadiko Txapelketa lehiatuko dute hurrengo domekan [maiatzak 19], hori ere Ondarroan.