Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ 21.Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdia Ondarroara ailegatuko da. Berdintasun Sailak zinemaldia herrira ekartzeko erabakia hartu eta bi emanaldi eskainiko dira Kofradia Zaharrean. Lehenengoa domekan [maiatzak 12] izango da.
Zghedapena ekimenaren bitartez, zinemaldia beste herri batzuetara zabaltzen ari dira eta asteon ailegatuko da Ondarroara. Domekan Transfariana Joris Lachaise zuzendariaren dokumentala eskainiko baita Kofradia Zaharreko bigarren solairuan. “Ustekabeko maitasun istorio bat da emakume trans eta sexu-langile ohi baten eta FARCeko gizon errebelde baten artean. Kolonbiako espetxe batean hasten da eta aktibista transen eta armak utzita dituzten FARCeko militanteen arteko aliantza solidario bat sortuko da”.
Bigarren hitzordua, ostera, ekainaren 9an izango da eta sei film labur eskainiko dituzte, zehazki, Mating, Dena asmatuta dago, Analog Z love, Precoz, Flores de otro patio eta La tentacion du panda roux. Filmen aukeraketa egiterakoan emakume sortzaileen lanak izatea eta haurtzaroa eta nerabezaroa erdigunean dituzten lanak izatea lehenetsi du Ondarroako Berdintasun Sailak. “Jatorrizko bertsioak euskaraz ez diren film guztiek azpitituluak edukiko dituzte euskaraz”.