Ziortza-bolibartarrak, herriko bost mugarriak ezagutzen
Aranbaltz Kultur Elkarteak duela urtebete baino gehiago hasi zuen Ziortza-Bolibarko bost mugarriak ezagutzeko bidea, eta domekan [maiatzak 4] Aulesti eta Munitibarrekin dutena ikusi zuten, azkena.
Ziortza-Bolibarko Aranbaltz Kultur Elkarteak duela urte eta erdi inguru hasi zuen euren herriaren mugak ezagutzeko bidaia, eta domekan [maiatzak 5] egin zuten azken geldialdia. Aulestirekin duten mugarria ezagutzera joan ziren herriko ume, gazte eta helduak, eta goiz pasa ezin hobeagoan ezagutu zuten herriko bosgarren mojoia: “30 lagun inguru elkartu ginen. Udaletxean dagoen mapan ikusi genuen nondik nora doazen mojoiak, eta domekan ikusi genuenak hiru herri elkartzen ditu puntu berean: Munitibar, Aulesti eta Ziortza-Bolibar”.
Ikusteko geratzen zitzaien mugarria ez ezik, gaur egun erabiltzen ez diren bideak ikasteko tartea ere hartu zuten: “Mojoia ikustera jaitsi ginen, eta itzulera lehengo bideetatik egin genuen, umeek eta gaztetxoek bideak ezagutzeko. Aspaldian pasatu gabeko Zabaleko bidea hartu genuen, esaterako. Ondo joan zen, denak gustora ibili ziren eta gainera bide berriak ere ikasi zituzten”.
Bost mojoi. Ziortza-Bolibarrek dituen bost mojoi edo mugarriak herritarrei ezagutzera emateko ideia duela urtebete baino gehiago otu zitzaien Aranbaltzekoei. Hala, “pixkanaka” egin dituzte irteetak, denak joan ahal izateko. Lehenengo Markina-Xemeinekin duten mojoia ikusi zuten: “Guretzako sinbolikoa da bertatik desanexionatu ginelako. Larruskaingo bidean dago”. Bigarrena ikustera, berriz, Mallabiara joan ziren; hirugarrena, Berrizkoa, Oizeko eolikoen inguruan dago; laugarrena, aldiz, Munitibarren, Gontzugarai inguruan.