Ondarroan lehiatuko da Euskal Herriko lehenengo Kukaña Txapelketa
Aurrera Kukaña Taldea sortu dute taldea ofizializatu eta nazioarteko kukaña txapelketetan parte hartzea helburu ipinita. Ekainaren 22an egingo da lehiaketa Aurrera Egunaren baitan.
Ekainaren 22an lehiatuko da Euskal Herriko I. Kukaña Txapelketa Ondarroan. Jai giroa eta lehia uztartuko dituen ekimena antolatu du sortu berri den Aurrera Kukaña Taldeak. “Urte askotan ospakizuna eta kirola batu dituen kukaña duindu eta dagokion tokira eramatea da helburu nagusia”.
Galizian, Mediterraneoko kostaldean, Italian eta Turkian ezaguna izanik eta Ondarroan dagoen zaletasuna ikusita Euskal Herriko lehenengo txapelketa egiteko leku aproposa dela ikusi dute ondarrutarrek. “Ondarroako kukañak badu bere xarma berezia bere ezaugarri eta herrian duen garrantzia dela eta”. Txapelketa zein taldea berriak izanik helburu nagusia sare bat sortzea izango da. “Inguruko lehiakide onenekin batera komunitatea egiten hasi eta guzti honi jarraipena ematea da asmoa”.
Txapelketa aitzaki hartuta herriaren ondarea balorean jarri nahi dute. “Kukaña beraz gain, kontserba fabriken lana, herri mugimendua eta tradizionalki herriak arrantza eta festarekin izan duen lotura berezi hori bat egingo da”.
Aurrera Kirol Elkarteak antolatu duen Aurrera Egunaren baitan egingo da eta Aurrera Kukaña Taldeko partaideak ariko dira lehiakideen artean. “Taldea ofizializatu eta nazioarteko kukaña txapelketetan parte hartzea izango da klubaren helburu nagusia, Ondarroa eta herriko kirolariak diziplina berri batean txertatzeko asmoz”.
Sortu berri den taldea bidelagunak bilatzen ari da, “txapelketa gauzatzeari lehentasuna emanez”. Gaur gaurkoz, Ondarroako Udala eta Aurrera Kirol Elkartearekin batera, Sutargi Jatetxea, Aguirreoa, Heisa, Mar-Mar eta Ortiz kontserbagileak dituzte bidelagun, besteak beste.