Palestinaren aurkako genozidioa salatzeko mobilizazioak deitu ditu Ikamak
Astelehenean [maiatzak 13] 12:00etan deitu dituzte mobilizazioak. "Inoiz baino garrantzitsuagoa da pausu bat aurrera egitea eta nazioartean ikasleria erakusten ari den determinazio eta erantzukizunarekin jarraitzea".
Israel Palestinaren kontra burutzen ari den genozidioaren aurrean ikasleak Palestinarekin egongo direla aldarrikatzeko mobilizazioak deitu ditu Ikama Ikasle Antolakundeak astelehenean [maiatzak 13], 12:00etan, Hego Euskal Herriko ikastetxeetan. “Mobilizazioetan parte hartzeko dei egiten diogu hezkuntza komunitate osoari”.
Palestinarekiko babesa adierazteko egiten diren ekimenetara batu eta ikasleriak “mobilizazio zikloaren lekukoa hartuz”, unibertsitateetan kanpaldiekin egin bezala, ikastetxe guztietara zabaltzeko unea dela adierazi du Ikamak. “Sarraski honen aurrean Euskal Herrian hilabeteak daramatzagu mobilizatzen eta Palestinarekiko gure babesa adierazten. Bide horretan, mundu mailan hedatzen ari den olatuari segida emanez astelehenean urrats bat eman genuen, Euskal Herriko ikasleria zein hezkuntza komunitatea kanpusetan akanpatzera dei eginez”.
Orain, pauso bat aurrera eman eta ikasleria mobilizatzera dei egin du Ikamak hezkuntza komunitatearekin batera. “Inoiz baino garrantzitsuagoa da pausu bat aurrera egitea eta nazioartean ikasleria erakusten ari den determinazio eta erantzukizunarekin jarraitzea. Ikasleria beti izan da aldaketen motore eta oraingoan berdin jokatuko dugu, Herri Palestinarraren aurkako genozidioari mobilizatuz eta elkartasuna antolatuz erantzunez. Astelehenean denok kalera!”.