Etxaniz eta Saizar, hirugarrenez txapeldun Markina-Xemeingo IV. Helduen Trikiti Txapelketan
Markina-Xemeingo IV. Helduen Trikiti Txapelketa lehiatu zuten zapatuan [maiatzak 11] bederatzi bikotek. Xabier Etxanizek eta Ainara Saizarrek hirugarren aldiz irabazi dute txapela.
Trikitiaren hauspoa sutan eta panderoaren txapak dantzan, maisutasunez irabazi zuten zapatuan [maiatzak 11] Xabier Etxaniz Aizpurutxo azkoitiarrak eta Ainara Saizar aiarrak Markina-Xemeingo IV. Helduen Trikiti Txapelketa. Hirugarrenez jantzi du txapela Urola inguruko bikoteak, gainontzeko bikoteek ere maila ezin hobea erakutsi zuten arren. Izan ere, ez zen nolanahiko lehia izan zapatukoa: 18 urtetik gorako bederatzi bikote euren onena ematera atera ziren Markina-Xemeingo Uni frontoira.
Baserri Eguneko azokaren ostean, 700 trikitizale inguru elkartu ziren Unin. Antolatzaileek aurtengo txapelketako “maila handia” azpimarratu dute: “Esan dezakegu maila handia egon dela aurten, indartsua izan da”. Rakel Pujana, Edurne Iturbe, Galder Elortza eta Xabier Aburruzaga epaileek hala erabakita, 789,5 puntu lortu zituzten Etxanizek eta Saizarrek; lau piezen zailtasuna, ejekuzioa, zentzua, erritmoa, kantua eta panderoa baloratu zituzten epaileek. Txapelez gain, 1.000 euroko saria eta bertoko produktuen sorta eskuratu zuten irabazleek; Etxanizek eskerrak eman zizkien familia, lagun eta ingurukoei, eta nola ez, baita Saizarri ere.
2022ko podium berdina osatu zuten trikitilariek, postuak aldatuta. Izan ere, Leire Zumeta anoetarra eta Amaia Arza añorgarra bigarren geratu ziren zapatuan –2022an, hirugarren–, eta Andoni Oruesagasti zumarragarra eta Uxue Kerejeta urretxuarra, hirugarren –2022an, bigarren–. Lau eta bosgarren postuak, aldiz, gazteenek eskuratu zituzten: Enaitz Alberdi eta Elaia Diaz geratu ziren laugarren, eta Irati Arzelus eta Mirari Plazaola, bosgarren. Seigarren Alaitz Roteta eta Ander Duñabeitia geratu ziren; zazpigarren, Jaume Parra eta Hekthor Folk; zortzigarren, Ander Blasco eta Jon Ander Azkue; eta bederatzigarren Hegoi Petite eta Mikel J. Elizaran.
Plaza “garrantzitsua”. 1991ko txapelketa izan zen Euskal Herrian egin zen helduen azken txapelketa, Markina-Xemeinek erreleboa hartu zuen arte. Ordutik gaur egunera, “plaza oso garrantzitsua” bihurtu da Uni: “Plaza oso garrantzitsua da; Euskal Herri mailan mota honetako txapelketa bakarra dago, Markina-Xemeingoa”. Antolatzeko “esfortzu handia” eskatzen dien arren, “pozik” geratu dira emaitzarekin: “Bai ekonomikoki eta baita antolakuntza mailan ere esfortzu handia egin behar dugu antolatzeko. Hala ere, pozik gaude emaitzarekin. Maila aldetik oso gustura, eta ikusleek ere oso ondo baloratu dute”.
Txapelketaren ostean, gainera, kalejira eta erromeria ere egin zituzten, eta horien erantzuna ere “oso ona” izan zela adierazi dute antolatzaileek: “Jendeak erantzun du, bai bertokoek eta baita kanpokoek ere. Gure helburua trikitia bultzatzea da, eta ez da txapelketa bakarrik: asteburu bat trikitiari begira ipintzen dugu”.
Gaineratu dute, pozik daudela bikoteen parte hartzearekin ere. Bost bikotegaz, 2022an egin zen azken txapelketa, eta aurten ia bikote kopuru bikoitzak parte hartu du: “Parte hartu ahal izateko adina jaitsi dugu, eta gazteek ere parte hartu dute txapelketan. Ikusten da jendeak badaukala gogoa honetan aritzeko. Gainera, gazteak ere badatozela ikusten da, eta gogor gainera”.