Lekeitioko Udalak etxebizitza turistikoak arautzeko eta mugatzeko prozesua hasi du
Egoera "oso larria" dela nabarmendu du udalak, eta horri aurre egiteko hainbat pauso emango dituzte: HAPOn aldaketa puntual bat egingo dute, Lekeitio eremu tentsionatu izendatzeko lanean jarraituko dute eta herriko egoeraren inguruko diagnostiko "sakon" bat egingo dute.
Lekeitioko Udalak herriko etxebizitzen egoera “oso larria” dela salatu du, eta etxebizitza turistikoak arautu eta mugatzeko bidea lantzeari ekin diete. Udalak adierazi du “argi” daukala herriko etxebizitza turistikoen hedapena arautu eta mugatu egin behar dela, “berandu izan aurretik”.
Nabarmendu dutenez, urte osorako etxebizitza bat alokatzea “ia ezinezkoa” da, ez dagoelako urte osorako eskaintzarik: “Dauden etxe apurrak normalean prezio oso garestietan daude. Horrez gain, etxea erosi nahi izatekotan ere prezioak ikaragarriak dira”. Gaineratu dute egoera horretan “edonork” ezin duela etxebizitza bat eskuratu, eta ondorioz, gero eta gehiago direla inguruko herrietara bizitzera joan behar izaten dutenak. Hori horrela, herriko egoera hobetzeko asmoz, hiru pauso zehatz emango ditu udalak.
Alde batetik, datozen hilabeteetan herriko etxebizitzen egoera aztertzeko analisi bat egingo dute: “Herriko etxebizitzen egoera ondo ezagutzeko diagnostiko sakon bat egingo dugu. Behin egoera zehaztasunez ezagututa, etxebizitzaren egoera hobetzeko gure esku dauten politika zehatzak bultzatuko ditugu”. Era berean, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) aldaketa zehatz bat egin behar dela azaldu dute: “Aldaketa horren prozedura jadanik lotuta dago, eta uda aurretik jarriko da martxan”.
Lekeition dauden 5300 etxebizitzetatik 2000 hutsik daude.
Bestalde, Lekeitio eremu tentsionatuen zerrendan sartzeko lanean jarraituko dutela adierazi dute, horrela, etxebizitzaren egoera erregulatzeko eskumen gehiago izateko. Izan ere, joan den abenduan aurkeztu zuen Etxebizitzaren Euskal Behatokiak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko tentsio eremuei buruzko txostena; udalak “harriduraz” hartu zuen Lekeitio zerrendan ez agertzea. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzari bi eskari egin nahi dizkiete: “Bat, Lekeitio eremu tentsionatuen zerrendatik kanpo uzteko eskuartean izan dituzten datuak guri helaraztea, aztertu egin nahi ditugu eta. Bi, agian, eremu tentsionatu izendatzeko irizpide horiez gain, bestelako irizpide batzuk ere kontuan hartu beharko ote liratekeen aztertzea”.
Datuak, herritarren eskura. Eustatek argitaratutako datuekin ere arduratuta agertu da udala. Jakinarazi dutenez, Lekeition dauden 5300 etxebizitzetatik 2000 hutsik daude, hau da, ez dago inor erroldatuta bertan; era berean, udala “seguru” dago gainontzeko 3300 etxeetako “asko” oporraldi sasoian soilik betetzen direla.
Etxebizitza Turistikoen “fenomeno berria” ere gaur egungo egoerari gehitu behar zaiola nabarmendu dute. Hori horrela, joan den astean EITB Datak argitaratutako etxebizitza turistikoen inguruko hainbat datu plazaratu dituzte: diagnostikoaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxebizitza turistikoen ratio altuenetarikoa duen herrien artean dago Lekeitio. Datu ofizialen arabera 80 etxebizitza turistiko daude herrian, “baina, ziurrenik, beltzean ari diren etxe turistikoak askoz gehiago izango dira”.