Palestinako herriaren laguntza aldarriari elkartasunagaz erantzun diote eskualdeko herritarrek
Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak deituta, Palestinaren aldeko elkarretaratzeak egin dira asteburuan Euskal Herri guztian. Palestinar herria pairatzen ari denak izena duela eta hala deitu beharra dagoela azpimarratu zuten: "genozidioa". Herritarrei datozen asteetan egingo diren mobilizioetan parte hartzeko deia egin diete.
Palestinaren aldeko eta gerraren kontrako elkartasunak ez du etenik, eta horren adierazle dira zapatuan [maiatzak 11] eskualdeko herrietan ikusi ziren elkarretaratzeak. Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak zabaldutako deialdiak erantzun zabala jaso zuen: Markina-Xemeinen, Ondarroan, Lekeition, Mutrikun eta Euskal Herriko beste hainbat herritan egin bezala, herritarrak kalera atera ziren zapatuan SOS Rafah lelopean, Palestinako banderak eta genozidioaren aurkako kartelelak eskuan zituztela, Rafahek pairatzen duen eraso larria publikoki salatu eta Palestinako herria urriaren 7az geroztik pairatzen ari den sarraskia behin betiko etetea exijitu zuten.
Irati Jimenez idazlearen idatzia irakurri zuten udalerri guztietan, eta horretan basakeriaren ostean beti “gezurra, iruzurra eta engainua” etorri ohi direla gogoratu zuten: “Gernikako herria bonbardatu zuten faxistek horrore berri bat inauguratu zuten eta horrore berri hori tapatu egin nahi izan zuten, ezkutatu eta ukatu. Hildakoak hiltzaile bihurtu, biktimak borrero, errugabeak errudun. Ez zuten lortu. Herriak badaki zer den egia eta ez du ahaztu”. Gernikak pairatu zuena ahaztu ez eta historiaren tribunalaren aurrean “herri txiki batek gezur handi bati aurre egin diezaiokeela” frogatu duela nabarmendu zuten deialdi herritarretik.
Gernika berri bat dagoela, “desagerrarazi” nahi duten herri bat dagoela gogoratu zuten. “Palestinarrena da orain historiatik erauzi nahi duten herria. Palestina da orain basakeria berri baten protagonista, apenas imajinatu dezakegun horrore berri batekin desagerrarazi nahi duten herria”.
Palestinar herria sufritzen ari denak jakina den izena duela eta hala deitu behar zaiola nabarmendu zuten: “Herriaren erausketari genozidioa deituko diogu. Okupazioa okupazioa dela esango dugu. Soldadurik ez daukan herria soldaduekin erasotzeari ez diogu gerra deituko. Herriari bere ospitaleak kentzeari, bere unibertsitateak suntsitzeari, bere haurren eskolak eta bere haurrak desagerrarazteari ez diogu zibilizazioa deituko”.
“Ez dugu geure humanitatea entregatuko”
“Humanitatearen kontrako krimen honen aurrean ezer egingo ez bagenu, geure humanitatea entregatuko genuke. Ez dugu geure humanitatea entregatuko”. Humanitatearen defentsa horretan, Gernika- Palestina Deialdi Herritarretik argi esan zuten ez dutela amore emango, eta ez direla “herri oso batekin bukatu nahi duen Estatu kriminal baten konplizeak” izango: “Palestinarren genozidiori aurre egingo diogu”. Era berean, munduan zehar Student For Gaza dinamikan parte hartzen ari diren ikasleei zein Euskal Herrian zehar kalera aterako diren ikasleei elkartasun mezua zabaldu zieten.
Herritarrei palestinarrei elkartasuna eta babesa helarazteko datozen asteetan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia eginez bukatu zituzten zapatuko elkarretaratzeak: “Palestinako herria da aldarri egiten diguna, palestinarrak dira ordu ilun honetan laguntza behar dutenak eta harrizko herri honek aldarri horri erantzun nahi diolako, eman diogu herri bezala Palestinari behar duen laguntza hori”.