Tomateen eta piperren gaitzen inguruko ikastaroa "oso arrakastatsua" izan da
Lekitto Bedarraren ekimenez zapatuan [maiatzak 11] Gabino Murua adituak ikastaroa eskaini zuen Lekeitioko Usotegi herritarren ortuan.
“Ortuko erreginen sekretuak” ezagutzeko asmoz, tomateen eta piperren bueltan elkartu ziren zapatuan [maiatzak 11] lekeitiar eta inguruko herritarrak. Lekitto Bedarraren ekimenez, hiru ordu eta erdiko ikastaroan murgildu ziren partaideak; antolatzaileek azpimarratu dutenez, ikastaroa “oso arrakastatsua” izan zen.
Gabino Murua adituagaz batera, apirilaren 20an egindako ikastaroaren lehenengo zatiari jarraipena eman zieten: “Bi orduko teoria landu genuen Azkue Ikastolan. Usotegiko herritarron ortuan, berriz, ordu eta erdiko praktika egin genuen”. Tomateen eta piperren gaixo, tratamendu eta ongarriak landu zituzten arren, bestelako produktuei ere erreparatu zieten, porruei eta berakatzei, esaterako.
Hainbat tokitako partaideak egon ziren ikastaroan, besteak beste, Lekeitio, Asterrika, Gernika Lumo, Ondarroa, Mendexa, Zornotza, Gasteiz, Itziar, Aulesti eta Eskoriatzakoak. Denak ere, opari batekin itzuli ziren etxera: “Amaieran azken 60 urtean herrian ekoitzitako tomate punta luzearen 300 ale inguru banatu genizkien partaideei. Hamaiketako eder bat ere egin genuen”. Udazkena heltzearekin batera ekingo diete berriro halako ekintzak antolatzeari.