Energia eredu propioa garatzen hasiko da Mendexako Udala
Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza jaso dute. Diagnostiko bat egin ostean ekintza plana egiteaz arduratuko da Barrizar zerbitzu Energetikoen Kooperatiba.
Trantsizio energetikoa helburu izanda eredu energetiko jasangarri baterako bidea martxan ipini du Mendexako Udalak. Epe luzerako plan estrategiko baten beharrizana ikusita, epe ertain eta luzera begirako ekintza plana osatuko dute.
Herrian egiten diren ekimen ezberdinak norabide berean joateko oinarrizko antolakuntza baten falta sumatzea izan zen proiektuaren abiapuntua. “Hauteskunde programan adierazi genuen bezala, herrian plan estrategiko baten beharra ikusten genuen, epe luzera begira. Urtez urte ekimen ezberdinak egin izan dira, baina eraginkorrak izateko epe luzera begira antolatu behar gara”, azaldu dute udaletik.
Plan estrategikoa nola egin aztertzen hasita Bizkaiko Foru Aldundiko urteroko laguntzetara proiektua aurkeztea erabaki zuten eta laguntza osoa jaso dute. “Lanketa hori adituen esku uzteko beharrizana zegoen. Hortaz, balorazio bat egin genuen eta aukera ona iruditu zitzaigun aldundiak urtero ateratzen dituen laguntzetara proiektua aurkeztea. Laguntza osoa jaso dugu eta horrek plan energetiko propioa garatzea ahalbidetuko digu”.
Barrizar zerbitzu Energetikoen Kooperatiba izango da lanketa egiteko ardura izango duen enpresa. “Guk ekintza solteak egin ahal ditugu, eguzki plakak ipini edo gauza solteak egin, baina benetan eraginkorrak izan nahi badugu diagnostiko batetik abiatu behar gara; herrian zein kontsumo ditugun aztertuz, bai arlo publiko zein pribatuan. Horri epe luzera erantzun bat emateko diagnostikoa egin eta plan bat egitea da helburua eta horretarako adituei utzi behar diegu lan egiten”.
Urtea amaitu baino lehenago egin behar dute proiektua eta lehenengo urratsak ematen ari direla zehaztu dute. “Dokumentazioa eskatu dute eta herritarrekin kontsultak egingo dituzte: diagnostikoak esparru guztiak hartuko baititu”. Diagnostikoa abiapuntu izanik, urtez urteko hartu ahalko diren ekintzen plana proposatuko dute. “Eduki dezagun plangintza bat urtez urte antolatuta izateko, iraunkortasun ikuspuntu batetik aurrera pausoak ematen joateko”.