Ia 300 lagunek parte hartu dute eskolako Familien Egunean
Zapatuan [maiatzak 11] egun osoko egitaraua antolatu zuen Lekeitioko Eskolako guraso elkarteak.
Bosgarren aldiz ospatu du Lekeitioko Herri Eskolako Familien Eguna eta bosgarren aldiz arrakastatsua izan da. Guraso Elkarteak beste urte batez errepikatzeko intentzioa erakutsi du datorren urtean. Ez da gutxiagorako ere zapatuan [maiatzak 11] ia 300 lagun elkartu zirelako eskolako patioan askotariko ekintzak egiteko.
Eguraldia gainera lagun izan zuten, eguneko lehen zatian batez ere. Hain zuzen ere, tenperatura altuak eta eguzkia ikusita ur jolasen alde egin zuten. Leaktibaik tirolina jarri zuen eta beste behin ekintzarik arrakastatsuenetariko bat izan zen. Familietako helduez gain eskolako ikasle ohiek ere bolondres lana egin zituzten jaia aurrera eramateko. Eguerdian 287 lagun elkartu ziren denak batera bazkaltzeko. Arratsaldean irrintzie eta txapel jaurtiketa txapelketak egin zituzten. Talent Show txapelketan 10 taldek parte hartu zuten eta guztiek eskolako irudia zuten dominak jaso zituzte sari bezala. 22:00etan amaitu zuten Familien Eguna DJ saioagaz.
Guraso Elkartetik balorazio “oso ona” egin dute eta errepikatzeko asmoa erakutsi dute: “Familiek, guraso zein umeek, elkarrekin egoteko egun ezin hobea da, denbora gehiagoz gain harremanak sortzeko kalitate gehiago dagoelako, egunerokotasuneko presarik gabe. Helburua komunitatea sortzea eta indartzea da eta lortu dugula uste dugu”.
Ikasturtea amaitzear badago ere, guraso elkarteak oraindik egitekoak ditu. Ekainaren 2an Ordizin egingo den Euskal Eskola Publikoaren Jaira joateko autobusa antolatzen ari dira. San Juan gauagaz itxiko dute aurtengo ikasturtea.