Ana Goitia: "Ahalegintzen naiz nire bakarrizketetan mezu bat bidaltzen"
Ana Goitia umoregile lekeitiarrak 'Ti-ta' bakarrizketa saioa egingo du Maria Blanco zestoarrarekin batera, barikuan [maiatzak 17], 19:30ean, Uhagonen. Hara joaten dena "barre handi batekin" eta "aste guztiko tentsioak botata" irtengo da.
Bi emakume, bi umoregile, bi bakarrizketa. Ana Goitia lekeitiarra eta Maria Blanco zestoarra umore saio baten ostean elkartu ziren euren artean kimika ona zegoela aprobetxatuz, bakarrizketa saio bat egiteko. Hala, barikuan [maiatzak 17] Markina-Xemeingo Uhagon Kulturgunera helduko da Ti-ta bakarrizketa, 19:30ean.
Zer da bakarrizketan lantzen duzuena?
Bakoitzak bere bakarrizketak ditu. Geure ikuspuntutik kontatzen ditugu egunerokoan pasatzen zaizkigun gauzak eta bizi ditugun gauzak kontatzen ditugu, umoretik. Nik, adibidez, emakume lodi baten egunerokoa kontatzen dut. Mariak ere bere bizipenak kontatzen ditu, bera gazteago da ni baino eta orduan beste ikuspuntu bat dauka, beste bizipen batzuk ditu… Ikuspuntu desberdinak dira. Bi emakume gara, baina adin desberdinetan gaudenak eta bakoitzak bere egunerokotasuna zelan bizi duen kontatzen dugu. Umoretik egiten dugu, baina ni beti ahalegintzen naiz nire bakarrizketetan mezu bat bidaltzen, beti dago zerbait atzean.
Zelan pentsatu zenuen biok elkartu eta bakarrizketa saio bat sortzea?
Maria eta ni ezagutu ginen Zestoarako deitu ziguten saio batean, eta sekulako kimika eduki genuen elkarrekin; oso lagun onak gara orain. Ordubeteko edo ordu eta erdiko saio bat egiteko, oraingoz, ez daukat edukirik, eta deitzen zidatenean esaten nien lagun batekin joango nintzela. Hortik tiraka pentsatu genuen elkarrekin zerbait egin genezakeela, zerbait polita, eta horrela hasi ginen. Sortu zen, apur bat, beste norbaitekin saioetara joateko nire beharrizanetik, eta pentsatu genuen zerbait polita egin genezakeela. Gainera, emakume bakarrizketalariak ez gaude asko; badaude batzuk, baina oso gutxi gara.
“Negar eginaraztea baino gaitzagoa da barre eginaraztea”
Elkartu zinetenetik eta Ti-ta sortu zenutenetik urtebete baino gehiago pasa da. Zelan jaso dute ikusleek bakarrizketa?
Oso ondo. Plaza denak ez dira berdinak eta batzuk oso gaitzak dira, esan egin behar da. Baina horiek ere eduki egin behar dira, ikasteko. Hala ere, normalean oso feedback ona edukitzen dugu. Barre asko egiten dute ikusleek; emakume asko oso identifikatuta sentitzen dira, eta baita gizonezkoak ere.
Barre eginaraztea ez da lan erraza izango, ezta?
Negar eginaraztea baino gaitzagoa da; negar eginaraztea errazagoa da. Ez da erraza, ez, baina lortzen denean asetasuna sekulakoa da. Pentsatzea pertsona horiek zoriontsu egin dituzula momentu batean bada ere, niretzako munduan gehien betetzen nauena. Oso zaila da, bai, egia da, baina ez dut ikararik edukitzen. Hala ere, ikusten baduzu jendeari ez zaiola heltzen, agian beste modu batean egin behar duzu, edo beste leku batetik.
Zer ikusiko du barikuan [maiatzak 17] bakarrizketara joaten denak?
Bariku batean ez dago plan hoberik Maria eta neu ikustea baino, ze barre baino ez dute egingo. Barre pilo bat egin, une on bat pasa, eta barruak ere hustuko ditugu. Aste guztiko tentsio guztiak atera eta bertan bota. Guri gainera gustatzen zaigu bertan dagoen jendeak ere parte hartzea eta berba egitea, eurek nahi dutenean. Hara joaten dena barre handi batekin irtengo da, eta aste guztiko tentsio guztiak botata.