Arrakastatsua izan da Kultura Jaia
Zaldupe eskolak antolatutako jaiaren balorazio positiboa egin dute. "Oso ondo joan zen, gustura geratu dira guztiak, hortaz, indarrak hartu ditugu datorren urtean ere ekimena errepikatzeko".
Norbere jatorriaz harro egotea eta berton lekua izan eta pertenentzia sentimendua lortzea helburu ipinita sortutako Kultura Jaiak arrakasta handia izan du. Barikuan, asko eta asko izan ziren Zaldupe eskolako atarira hurbildu zirenak eta antolatzaileak balorazio oso positiboa egin dute: “Oso ondo joan zen, gustura geratu dira guztiak, hortaz, indarrak hartu ditugu datorren urtean ere ekimena errepikatzeko”.
Galizia, Portugal, Txina, Maroko, Senegal, Mexiko, Estatu Batuak, Peru, Bolivia, Paraguai eta Euskal Herria. Hamabi herrialde, hamabi kultura, hamabi gastronomia. Aukera paregabea izan zen kultura eta gastronomia ezberdinak ezagutzeko eta hori bide ibilita, harremanak sortzeko bideak sustatzeko; eta lortu dute helburua. “Astean gurasoak hurbildu dira eskolara kultura ezberdinei buruz galdezka eta haurrek egun oso ederra izan zela esan digute. Pozgarria da guztientzat egun berezia izatea”.
Horrez gain, abenduan hasi ziren txokolatadak prestatzen, astero, gurasoen arteko harremanak sortzeko asmoz, eta horrek, jaia egun batera mugatzea ekidin eta elkarren arteko zubiak eraiki ditu. “Egun batera mugatzen zen eguna eta horrek gauzak zaildu egiten zituen, harremanak ez baitira unean sortzen. Baina txokolatadek gurasoak elkar ezagutzea eragin dute eta harremanak sortzen joan dira”.
Guraso zein haur pozik agertu dira ekimenak izandako arrakastarekin, hortaz, datorren urterako ekarpenak jaso dituzte, eguna borobiltzen joateko. “Gurasoek semeengatik egiten dute guzti hau, seme alabak hemengoak izateko, inguru bat sortzeko eta errotzen joateko“.