Errelebo faltan, aurten ez da Iparraldeko Haizeak jaia egingo
Aittitta Txiki Kultur Taldeko kideek ezin izan dute jaia aurrera atera, antolakuntzarako jenderik ez dutelako aurkitu. Azaldu dutenez, marmitako lehiaketa ere kolokan dago; inor kargu egingo ez balitz, ziurrenik ez dute lehiaketa antolatuko.
23 urte dira Lekeitioko Aittitta Txiki Kultur Taldea martxan dagoela, eta ordutik hamaika izan dira antolatu dituzten ekintzak. Tartean, ekintza indartsuenetarikoa izan da Iparraldeko Haizeak jaia, iparraldea eta hegoaldea batzeko asmoz egiten antolatutako jaia. Aurten, ordea, errelebo faltan daude kultur taldekoak, eta jaia ezin izan dute aurrera atera: “Euskal Herria garela aldarrikatzeko jaialdi handiak ateak itxi ditu aurten, antolakuntzarako jenderik ez dagoelako”.
Hainbat batzar eta saiakera egin dituzte Aittitta Txiki taldekoek jaia aurrera ateratzeko: “Azken urteetan Aittitta Txiki taldea errelebo bila dabl aurrera egiteko. Aurten batzar batzuk egin ditugu jende desberdinarekin, baina, akordiorik gabe geratu gara”. Hori dela eta, aurten “atsekabe handiarekin” ez da iparraldeko haizerik helduko Lekeitiora. Talde moduan azpimarratu nahi izan dute “herri bizi” nahi dutela: “Jendea antolatu egin behar da. Kultura herria bizirik mantentzeko ezinbesteko giltza da”.
Hala ere, esperantza izpi bat badute kultur taldekoek, eta hurrengo urterako aurrekontuak eskatuko dituztela azaldu dute, norbait jaia aurrera eroatera animatuko balitz, egiteko: “Ea behintzat hurrengo urtera begira kuadrillaren bat animatzen den antolatzera. Bestela, gure aldetik, amaitu egingo da”.
Marmitako lehiaketa, kolokan. Iparraldeko Haizeak jaia egingo ez duten bezala, marmitako lehiaketa eta beste hainbat ekintza ere zalantzan daudela jakinarazi dute kultur elkarteko kideek: “Marmitako lehiaketara 40 taldetik gora apuntatzen dira, eta ea talde horietako kuadrillaren batek antolatzen duen aurtengoa”. Norbait lehiaketaren kargu egingo balitz, ongi etorria izango dela azaldu dute: “Guk erakutsiko diegu nola egin. Ez dira ezerezetik hasi behar, dirua badugu eta horrekin erraz ateratzen da aurrera lehiaketa”. Aurtengo lehiaketa antolatzeko, datorren urteko Iparraldeko Haizeak antolatzeko, edo beste edozertan taldeari laguntzeko prest daudenak eurekin harremanetan jarri daitezen eskatu dute, 695 74 65 45 telefonora deituz edo aittittatxiki@hotmail.com helbide elektronikora idatziz.