Pilotaren eta herrigintzaren haztegia
Hamabost urte pasatu dira Lea Ibarra Motrollo Pilota Elkarteak bailara horretako herrietako kirola hauspotzeari ekin zionez geroztik. Haurrei nahiz nerabeei beren herrietan kirolaz eta saretzeaz gozatzeko aukera ematen diete.
Lea errekak sortzen duen haranaren inguruko udalerrietan jarduten du Lea Ibarra Motrollo Pilota Elkarteak. Umeen eta gazteen kirola -bereziki, pilotagaz loturikoa- sustatzea du helburu, betiere lagunarteko giroa eta herritarren arteko saretzea oinarri hartuta. Hamabost urte inguruko bidean, hainbat eta hainbat dira hain berezikikoa den zutabe horretan hazi eta hezi diren pilotariak, gerora profesional mailara eta lorpen handiak eskuratzera ailegatu izan direnak. Elkartearen jomugak bere horretan eutsi dio denboraren joanari: “Gaztetxoei beraien herrietan kirol eskaintzak bermatzea bilatzen du klubak, urrunera mugitzen ibili behar barik”. Esku pilotan ardaztuta dago taldea funtsean, baita pilotaren bestelako alorrekin ere, batik bat, pala edota zesta-puntagaz. Hori bai, multikirolen zerbitzua ere ematen dute, besteak beste, herri kirolak zein eskalada ere egiten baitituzte.
Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga, Ispaster eta Mendexa dira beraien jardunaren bost epizentroak. Herri denetan aritzen dira, bakoitzak eskaintzen dituen baliabideak ahal bezain hoberen ustiatuz eta, ondorioz, ahalik eta zerbitzurik onena emanez. Dena dela, herri horietakoak ez diren inguruko biztanleek ere “ateak zabal-zabalik” dituzte. Kirolaren eta saretzearen uztartze jomugaz harago, bada beste helmuga handi bat klubarentzat: genero arteko arrakala ahal bezainbeste apaltzea. Egun, Lea Ibarra Motrollo barruan 80 lagun inguru daude, eta bi heren gizonezkoak dira. Edozelan ere, datuei buelta eman beharra nabarmendu dute, kluba “bide onetik” doala azpimarratuz: “Aulestiko multikiroletan, adibidez, parte hartzaileen erdia emakumezkoak dira, 14 partaidetik 7. Arrakalarik handiena esku pilotan ageri da; arlo horretan lanean jarraitu beharra dugu”.
Lan gogorraren ordainsaria. Klubetik pasatutako eta harekin elkarlanean diharduten profesional asko daude goi mailan: Olatz Arrizabalaga gernika-lumotarra, Enara Gaminde laukiztarra, Amaia Aldai dimoztarra, Endika Uriondo gizaburuagarra, eta abar. Profesional mailara igarotzeko “tranpolin egokia” izanik, hori berez ez dute helburutzat: “Klubarentzat, ohore handia da izen horiek denak goreneko mailan ikustea, oinarriko lana ederto egin den seinale; hori bai, garrantzitsuena ibarrean aisialdia eta kirola sustatzea da, eta hortik aurrerako guztia, ostera, oparia besterik ez da, ilusio handia pizten duena”. Aurten, hain zuzen ere, Arrizabalagak eta Gamindek Euskal Herriko Txapelketa poltsikoratu dute, baita Uriondok eta Kepa Albizuk ere. Bizkaiko Txapelketan, aldiz, Janitz Bengoetxea eta Unax Urzelaik kadeten mailako lehia bereganatu dute aurten, eta Aimar Okamikak eta Unai Arrizabalagak, berriz, nagusietan. Behar gogorrak, horrenbestez, saria dakar.
Bestalde, elkarteak Euskal Herriko nahiz bestelako lurraldeetako klubekin nahiz txapelketekin elkarlana sustatzeko ahalegina egiten du. Esate baterako, Lea Ibarra Motrolloko kideek Bizkaiko Pilota Federazioaren lehiaketetan, Malerreka inguruko Josetxo Ezkurra Txapelketan edota Berria Txapelketan parte hartzen du. Egunotan, Euskal Herriko herri arteko lehiari begira daude: “Ilusio handia pizten digun txapelketa da; Bizkaiko kluben arteko lehiaketa da, hiru kategoriakoa eta talde lan handia eskatzen duena. Horrez gain, Najeran [Errioxa], Zizurren [Nafarroa Garaia] edota Ajangizen txapelak lortu ditugu; oro har, kluba ingurukoekin erlazionatzen da eta hartu-eman hori, hain zuzen, benetan osasuntsua da”.
Ilusio berezia pizten dien txapelketa, edozelan ere, beraiek antolatu ohi duten San Pedro Txapelketa dela adierazi dute. Izan ere, finaletarako sailkapen prozesua kirola egiteko erabili ohi dituzten agertokietan egingo dute; finalak, ordea, San Pedro egunetan egingo dituzte, Munitibarko udal pilotalekuan eta giro ederrean.
Partaide bila. Lea Ibarra Motrollo pilota elkartetik deialdia luzatu diete “tokian tokiko kirolaz modu osasuntsuan, dibertigarrian eta hezitzailean” gozatu gura duten guztiei: “Berdin dio esku pilotan, zesta-puntan, palan nahiz multikiroletan den; hurrengo ikasturtera begira, herritarrek hemen bertan kirola egiteko aukerak egon badaudela jakin behar dute, harrobia sustatuz, ordutegi malguekin eta herringintzan oinarrituriko moldean”.