Ziortza-Bolibarko Udalak Izarkomekin bat egingo du
Izarkomek eskubide moduan planteatzen du landa guneetan interneterako sarbidea edukitzea; udalak eurekin ipiniko ditu udaletxeko telefono finko eta mugikor guztiak. Era berean, herriko espazio publiko guztietan internet sare librea ipiniko dute.
Ziortza-Bolibarko Udalak jakitera eman duenez, Izarkom Euskal Herriko Telekomunikazio Kooperatibagaz bat egingo du. Hala, euren telefono finko eta mugikor guztiak orain duten telefono konpainiatik Izarkomera pasako dituzte: “Izarkom irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat da. Munitibarren eta Zaldibin (Gipuzkoa) udaletxearekin zuten tratuaren berri izan genuen, eta gure asmoa da udaletxeko telefono eta interneteko kontratu denak Izarkomekin jartzea”.
Hain zuzen ere, hilabete honetan egingo dute aldaketa; herritarrei aldaketa guztien nondik norakoak barikuan [maiatzak 17] 18:00etan azalduko dizkiete, osoko bilkura aretoan. Aurreratu dutenez, aldaketa ez da soilik udaleko zerbitzuetan nabarituko, baita herrian ere: “Alde batetik, fakturak merketu egingo dira, eta bestalde, herrian zerbitzu gehiago ipiniko dira: Leku publiko guztietan internet sarea jarriko dugu”. Hori horrela, gaur egun internet sarea doan dagoen tokiez gain –liburutegian, esaterako– frontoian, herriko plazan eta museoan ere wifi librea jarriko dute, “edozeinek erabiltzeko moduan”. Udalak gaineratu duenez, “prezio logikoa” dute Izarkomeko zerbitzuek: “Eurak ez dira joaten dirua ateratzera beste konpainiek egiten duten bezala. Eskubide moduan planteatzen dute landa guneetan interneterako sarbidea edukitzea”.
Lehenago, agerraldia. Bestalde, udalak berriro ere Osakidetzari medikua eskatzeko aldarrikapenei ekin nahi dio: “Udala lanean dabil herriko taldeekin batera medikua eskatzeko aldarrikapen hori berriro zelan berraktibatu ikusten”. Horregatik, Izarkom egitasmoaren aurkezpena aprobetxatu nahi dute herritarrei udaletxeko osoko bilkura aretora joateko deia egin eta agerraldira joateko; barikuan [maiatzak 17], 17:30ean osoko bilkura aretoan elkartuko dira.