Dastaketa erdigunean ipinita, zapatuan ospatuko dute 23. Antxoa Eguna
Zapatuan [maiatzak 18] Alde Zaharrean antxoa pintxoak dastatzeko aukera egongo da, baita herriko tabernetan ere. Antxustegi sendiak jasoko du aurtengo Zilarrezko Antxoa, herri eta itsas ondarea zaintzeko egindako lanagatik.
Hiru turrun hotsekin hasiko da zapatuan [maiatzak 18] Ondarroako Alde Zaharra jendez betetzen duen 23.Antxoa Eguna. Jaiak taberna, elkarte, eragile zein herritar batuko ditu herrian balio ukaezin izan duen, eta duen, antxoaren inguruan. Dastaketa bilakatzen da jaiaren erdigunea, eta aurten ere ez da gutxiago izango.
Arranondo, Galizia Etxea, Eskilantxarri, Gau Hontza eta Pixape elkarte gastronomiko eta kulturalak izan dira pintxoak egiteko ardura bere gain hartu dutenak. Hamabi izango dira, ostera, antxoa pintxoak saltzen egongo diren elkarteak: Arnasa Elkartea/Bixi, Aurrera Mendi Taldea, Aurrera K.E., Aurrera Geuria Txirrindu Elkartea, Casa de Galicia, Danak Etxea, Kantaize Orfeoia, Karenka Elkartea, Hondar Ahua guraso Elkartea, Tupay Peruar Kultur Elkartea, Txirrimorraski ODLT eta Yaalah Elkartea. Gainera Ondarroa Arraun Elkarteak kontserbak edukiko ditu salgai.
Alde Zaharra bilgune bilakatzen den arren, herri osoko tabernetan antxoa pintxoak dastatzeko aukera egongo da, zehazki, 26 izango baitira parte hartuko duten tabernak: Alai, Anaitasuna, Andik Ona, Antiguako Ama, Apallu, Arrantzale, Badis, Batzokia, Boga-Boga, Cantabriko, Dzanga, Gau Argi, Gaztedi, Gelasio, Kabia, Kirrixki, Kulixka, Ku-Kua, Maddi, Mamu, Sirimiri, Sokoa, Sutargi, Txanpa, Xirula eta Zamora.
Gastronomia erdigune izaten da, baina bada egunean momentu hunkigarri bilakatzen den tarte bat ere: Zilarrezko Antxoa emateko momentua. Aurten, Antxustegi sendiak jasoko du omenaldia, herri eta itsas ondarea zaintzeko egindako lanagatik. Horrez gain, urtero legez, txikienek ere edukiko dute zeregina, antxoak ozpinetan sukaldatzeko aukera edukiko baitute Gamarra Ostalaritza Eskolak eskainiko duen tailerrean.
Goizetik hasiko den jai giroak lasaitasun une bat edukiko du arratsaldean, baina iluntzean, ostera jai giroari eusteko asmoz, musika bilakatuko da protagonista, Urrats erromeria taldea igoko baita Musika Plazako oholtzara. Domekan [maiatzak 19], ostera, Ondarroako badian lehiatuko da Trainerillen Euskadiko Txapelketa.
EGITARAUA
Barikua, maiatzak 17
- 17:30. Txirrimorraskiren35. Urteurrena: Bertso Saioan, Aissa Intxausti, Nerea Ibarzabal, Haizea Telleria eta Miren Artetxe, Zaldupeko patioan.
Zapatua, maiatzak 18
- 11:30. Jaiaren hasiera eta Turruna. Dastaketaren hasiera.
- Goizean. Kantak eta Musika: Kantaize orfeoiko eta Unanue Musika Eskolako kideen ikusizuna.
- 11:30-13:30. Umeak Kozinatzen: antxoak ozpinetan prestatzeko tailerra umeentzat, azoka gunean.
- 14:00. Zilarrezko Antxoa ematea, Alde Zaharrean.
- 21:30. Erromeria Urrats taldearekin, Musika Plazan.
Maiatzak 19, domeka
- 10:30. Trainerillen Euskadiko Txapelketa, Ondarroako badian.