Kulturatik jai herrikoi parte hartzaileak sortzen
Lekeitioko San Antolin jaiak urrun dauden arren, gogoz daude herritarrak. Parkeko Guneko kideak hasi dira jada lanean, eta etzi [maiatzak 18] egingo dute lehenengo ekintza: musika banda herrikoia sortuko dute.
Herritarrak erdigunetzat hartuta, Lekeitioko San Antolin jaietako Parkeko Gunea hamar urte baino gehiago doa herritik eta herriarentzat kultura sustatzen. Hamaika izan dira jaietan nahiz jaietatik kanpo antolatu izan dituzten ekintzak. Guztia hamabost lagun ingururen artean antolatzen dute, eta aurtengoan, hiru hilabete lehenago martxan ipini dira. Izan ere, “herrira gerturatzeko eta jaietara begira indartsu” heldu nahi dute, eta horregatik, kultura sustatzetik, kultura sortzera pasako dira.
Etzi [maiatzak 18] izango da egun handia, eta jaien norabidea zehaztuko duena. Arratsalde guztiko egitarauagaz, musika banda herrikoia sortuko dute. Hain zuzen ere, 16:30ean elkartuko dira plazan, serigrafia tailerrean euren bandarako kamisetak egiteko; bakoitzak bere kamiseta eroan beharko du. 18:00etan musika tresnak sortuko dituzte: «Hainbat material berrerabilita sortuko ditugu musika tresnak, eta ostean, 19:30ean, lehenengo entsaioa egingo dugu». Entsaiatu ostean, berriz, lehenengo txaranga egingo dute.
Gainera, eraikuntza tailerra egongo da arratsalde guztian, eta baita informazio gunea ere: ”Informazioa emateaz gain, parte hartzeko eskatu nahi diegu. Izan ere, aurten lehenengoz ekarpen ekonomikoa egiteko aukera zabalduko dugu. Ahalegin berezi bat egin nahi dugu guk gure finantziazio propioa eta autonomia lortu ahal izateko. Jendeari etortzera animatu nahi diogu; ez daitezela lotsatu, era guztietako ekarpenak ongi etorriak izango dira. Era berean, taldea zabalik dago batu nahi duenarentzat ere”.
Iaz Parkeko Guneak “hartu zuen dimentsioari” tiraka antolatu dute zapatukoa: ”Herriak bertan parte hartzea gure oinarrietako bat ere bada, eta aurten hortik joan da gure ahalegina”. Guztia aurrera ateratzeko lanean aritzen diren hamabost lagunez gain, auzolana ere ezinbestekoa dute: “Herriko eragile eta norbanako askok parte hartzen dute, eta eurek gabe ezingo genuke Parkeko Gunea aurrera atera”.